Iazko etenaren ondoren, bueltan da Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Zarauzko VII. Azoka. Zarauzko Solidaritate Koordinadorak antolatuta, postu eta proiektu desberdinek hartuko dute Lege Zaharren Enparantza larunbat honetan, hilaren 23an. Goizean zehar izango da azoka, hain zuzen, 10:00etatik 14:00etara.
Patxi Elola Lankidetza zinegotziak azokaren garrantzia eta beharra azpimarratu ditu, eta azaldu du gaur egun beharrezkoa dela elkarlanetik abiatutako laguntza eskaintzea gutxien dutenei. "Globalizatutako mundu honetan baliabideak gaizki banatuta daude, eta gure konpromisoa da, xumeki bada ere, ondar aleak jartzea", gaineratu du. Udaletik horrelako ekimenetan sinesten jarraitzeko asmoa azpimarratu du Elolak.
Maite Pardina Koordinadorako eta Proyde Proega elkarteko kideak azaldu duenez, taldearen helburua izan da "ingurumen, jasangarritasun eta giza harremanak errespetatzeko alternatibak aurkeztea", eta horren emaitza da azoka. Horregatik, azokaren bidez "proiektu anitzak" ezagutzeko aukera izango dela defendatu du Pardinak, besteak beste, "ekonomia alternatiboa, energia alternatiboaren inguruko proiektuak edo hurbileko produktuak".
Andoni Ibarguren Itsas Salbamendu Humanitarioko eta Koordinadorako beste kideak azaldu duenez, "modu murriztuan" egingo dute azoka, beste urteetan baino postu gutxiagorekin, baina "harremanak normalizatzeko bidean aurrera egiteko asmoz". Ibargurenen arabera, denbora asko egon gara gure "burbuiletan", eta garaia da horri buelta ematen hasteko.
Parte hartuko duten elkarteak honakoak izango dira: Hotz Zarautz -pintxoak eta edariak eskainiko ditu-, Misevi, Proyde Proega, Itsas Salbamendu Humanitarioa, Alboan, Duintasuna, Munduko Begiak, Zarautz Herri Zaintzailea, Fiare, Ekogranela, Gaztaindizar, Goiabe, Aritzkurengo Tienduka eta MaiKyk.
Eskolako material bilketa ere bai
Idoia Makazaga Misevi elkarteko kideak azaldu duenez, herritarrek aukera izango dute jada erabilita dagoen eskolako materiala bertan uzteko. Terracycle enpresarekin elkarlanean, berziklapenera bideratuko dituzte material horiek, eta hortik jasotako dirua elkartasun proiektuetara bideratuko dute.
Horregatik, Makazagaren esanetan, ez dago larunbatera arte itxaron beharrik azokan parte hartzeko, eta herritarrak gonbidatu ditu etxean behar ez duten guztia bertara eramatera.