'Amua' antzezlana taularatuko du Axut! taldeak ostiralean

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 19a, 13:00

Axut! antzerki taldeak Amua komedia sentimentala taularatuko du ostiral honetan, 22:00etan, Modelo aretoan. Maite Larburu, Manex Fuchs eta Ximun Fuchs aktore taldea igoko da oholtza gainera, Ximun Fuchsek berak zuzendutako obra antzeztera. Maitasun-erlazio istorio hirukoa du kontagai antzezlanak umore ukituekin, baina aldi berean atzera begirako nostalgiarekin.

Anak bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat izango da, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira, baina batak ez du jakingo bestea etorriko denik, eta guztira hiru izango direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. "Askatasunaren utopia azkenekoetan dela errana izan zaigu hainbatetan, baina maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?", galde egiten dute Axut taldekoek.

Emanaldirako sarrerak salgai daude 8 euroan, eta Modeloko leihatilan eskuratu daitezke edo online bidez.