Azaroaren 16an egingo dute Zarautz Zientziaz Blai hitzaldi sorta

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 19a, 17:48

Azken ikasturteko balorazioa, hurrengo hilabeteetan egingo dituzten ekintzak nahiz elkartearen berrikuntzak aurkezteko, gaur egin dute agerraldia ZarautzOn elkarteko kideek. 

"Sare lokal bat ehuntzeko asmoz", 2012 ekin zion bere ibilbideari elkarteak, eta 2014an egin zuten lehen hitzaldia. Harrezkeroztik, 95 ekitaldi inguru egin dituzte, ia ia 13.000 parte hartzailerekin. Gaur egun, ia 90 bazkide dira elkartean, ia guztiak zarauztarrak.

Pandemiak ez zuen oztopatu iaz elkartearen jarduna, eta COVID-19a bera baliatu zuten horren inguruko hitzaldiak eskaintzeko. Besteak beste, txertoak, informazioaren manipulazioa, pandemiak gazteengan izan duen eragina edo osasun sistemaren erronkak jorratu dituzte azken urtebete inguruan egindako ekintzetan. 

Orain, udazkenari begira, beste hainbat ekintza antolatu dituzte, eta "guztiak erabat zehaztu gabe" dauden arren, "ekintzarik kuttunena" antolatzen ari direla gaineratu du Ana Belen Juaristi elkarteko kideak: Zarautz Zientziaz Blai. Azaroaren 16an izango da Modelo Aretoan, eta bertan hartuko dute parte hainbat ikerlari, zientzialari edo ikasle zarauztarrek: Lore Zumeta matematikalaria, Joshua Garcia biologoa, Fermin Alvarez geologoa eta Eneko Azkue natura zalea.

Kideek azaldu dutenez, elkartearen webgunea ere berritzen ari dira. Aldaketaren bidez irudi korporatiboa "erakargarriagoa" egin nahi dutela adierazi du Jose Mari Larramendi elkarteko kideak. Aldi berean, webgune berriaren bitartez garrantzia eman nahi diote bazkide berriak erakartzeari, eta agendako ekitaldiak ere sartuko dituzte aurrerantzean bertan. Hala ere, kideek azaldu dute webgunea oraindik ez dagoela erabilgarri.

Ohorezko bazkideen izendapena

Azkenik, gaurko aurkezpena baliatu dute elkarteko kideek, berrikuntza moduan, ohorezko bazkideak aurkezteko. Horretarako, kideek azaldu dutenez, ibilbide profesionala, ZarautzOn elkartearen helburuarekin duten lotura eta elkarlana, eta beraien irudi "eredugarria" hartu dituzte kontutan. 

Horregatik, Juanjo Alvarez, Arantxa Bernard, eta Ramon Ignacio Serras eta Maria Celina Gorostizagoiza dira aurtengo ohorezko bazkideak. Ostegunean egingo duten bazkideen batzarrean jasoko dute ohorezko bazkideek Luis Urrestik, Juan Mari Callejak eta Pablo Fausek egindako oroigarria.