Zuzendaritza batzordea berritzeko batzarra egingo du ZAEk

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 20a, 10:30

Batzarra gaur arratsean izango da, 19:30ean ihasita, Aritzbatalde kiroldegiko arraun fosoan.

ZAEk ezohiko batzarra egingo du gaur arratsaldean zuzendaritza taldea aldatzeko edo berritzeko; kiroldegiko arraun fosoan izango da, 19:30ean. Egungo batzordea 2013tik ari da lanean, eta dagoeneko bi agintaldi bete ditu, zortzi urte guztira. Nolanahi ere, Jon Artola buru duen taldeak jarraitzeko asmoa du.

Berritasunen batekin edo besterekin aurkezteko asmoa du Artolak, baina ZAEri laguntzeko gogoz daudenekin elkarlanean aritzeko prest dago. Aitzitik, beste talderen batek ZAEren gidaritza hartu nahi izango balu, batzarrera bertara azaldu eta hala adierazi beharko du, eta, horrela, hautaketa prozesu bat irekiko lukete.

Denboraldirako prestatzen

Bestetik, dagoeneko 2022 denboraldia prestatzen hasi dira gazte mailatako arraunlariak. Martxel Agoues, Ander Maio, Iñaki Aldabaldetreku, Joxemari Manterola eta Markel Garciandia ari dira neska-mutil gazteak trebatzen. Traineruetako arraunlariak, berriz, oraindik ere atseden garaian daude, baina azaroaren hasieran hasiko dira prestaketa lanekin. Beste urtebetez Axier Puertas eta Onintza Olaizola izango dira Zarautz Gesalaga-Okelan taldeko traineruetako entrenatzaileak.

Arraun elkartetik adierazi dute arraunean aritzeko aukera badagoela oraindik. Beraz, probatu edo arraunean hasi nahi dutenek 688 64 93 07 telefonora deitu beharko da. Emakumeen kasuan 16 urte betetakoak izango dute horretarako aukera, eta gizonezkoek, berriz, 17 urte. Gainontzekoak, gazte mailatakoak izanik, bateletan eta aulki mugikorrean ariko dira.