Euskadi Saria irabazi du Alex Gurrutxagak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 20a, 13:10

Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria lanagatik eskuratu du Saiakera ataleko Euskadi Saria Gurrutxaga zarauztarrak. Epaimahaiaren iritziz, "ekarpen handia egiten du" Gurrutxagaren lanak "Xabier Lete poetaren eta haren obraren inguruan".

Aurreko astean eman zuten Euskadi Sariaren zenbait irabazleren berri, eta gaur falta ziren kategorietako irabazleak jakinarazi dituzte. Saiakera Euskaraz modalitatean, Alex Gurrutxaga zarauztarra saritu dute Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria lanagatik. Epaimahaiaren arabera, "ekarpen handia egiten du" Gurrutxagaren lanak "Xabier Lete poetaren eta haren obraren inguruan". "Gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak publiko egiten ditu, eta, gainera, bere kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giro eta pentsamenduarekin". Ondoko hauek osatu dute epaimahaia: Juan Ramon Makusok, Patxi Juaristik, Aitor Zuberogoitiak, Amaia Bacigalupek eta Katixa Agirrek.

Berria egunkariak jaso duenez, Gurrutxagak ez zuen halako saririk espero. Lanaren "hutsune" eta "gabeziak" onartuta ere, Gurrutxagak adierazi du poz handia sentitu duela ikustean euskal kulturgintzaren bidea jorratu zuten horien lana erakusten ari dela: "Poza erraldoi bihurtzen da ikusten duzunean [...] hondar aletxo bat jarri duzula Lete eta enparauek egin zutena transmititzeko".

Beste hiru kategoriatako saridunen izenak ere jakinarazi ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Literatura gaztelaniaz atalean Txani Rodriguezek jaso du aitortza, Los últimos románticos liburuagatik. Lan Literarioen Ilustrazioa kategorian, berriz, Javier de Isusiri eman diote saria, Transparentes. Historias del Exilio colombiano lanagatik. Gaztelaniazko saiakeraren alorrean, azkenik, Mikel Reparazek eskuratu du saria, Las grietas de América lanagatik.

Aurtengo Euskadi Sarietako bat jaso duen bigarren zarauztarra da Gurrutxaga. Izan ere, Anjel Lertxundi saritu zuten aurreko astean Gazte eta Haur Literatura sailean Haltzaren muinoa lanagatik.

Irakurri hemen Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria lanaren harira eskuratutako beka hizpide hartuta, HITZAk Alex Gurrutxagari egin zion elkarrizketa.