Fatma el Galia aktibista eta kazetari sahararrak hitzaldia eskaini du Modelon

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 20a, 15:00

5 urterekin bere hiritik ihes egin behar izan zuen sahararren errefuxiatu esparruetara, Marokoren okupazioaren ondorioz. Harrezkeroztik, eta gaur egunera arte, sahararren eskubideen alde borrokan jarraitzen du, "urte luzez ixildu duten errealitatea azaleratzeko asmoz". 

Sahara Gara ekimenaren barruan, hitzaldia eskaini zuen atzo Modelon Fatma el Galia aktibista eta kazetari sahararrak. Hainbat herritar hurbildu zen kazetari eta poetak kontatzeko zuena entzuteko asmoz, eta ez zen gutxiagorako izan, ondo baino hobeto azaldu baitzituen sahararrek, eta batez ere, herrialde horretako emakumeek pairatzen dituzten eskubide murrizketak.

El Aaiún hirian jaio zen, 1971. urtean. 5 urterekin bere hiritik ihes egin behar izan zuen sahararren errefuxiatu esparruetara, Marokoren okupazioaren ondorioz. Harrezkeroztik, eta gaur egunera arte, sahararren eskubideen alde borrokan jarraitzen du, "urte luzez ixildu duten errealitatea azaleratzeko asmoz". 

Emakumeen egoera larria

Bere esanetan, emakume sahararrak herrialdearen deskolonizazio prozesuan "ezinbesteko zimendu" bilakatu dira, beraien herrialdearen eskubideen borrokan jarraitu baitute. Horregatik, dio kazetariak, jasaten dituzte "izugarrizko basakeriak".

Xehetasun gehiago ere eskaini zituen kazetariak emakumeek jasaten dutenari buruz. "Harrapatu egiten dituzte emakumeak, eta hiru-lau urtez, gehiago ez bada, lurpeko kartzeletan ezkutatu, arroparik aldatu gabe. Horrek osasun arazoak sortzen ditu, baina askotan ezin dute ospitaleetara ere joan, baztertuak eta jarraituak izaten baitira ondoren", dio aktibistak. 

Eta Sultana Jaya saharar aktibistaren adibidea jarri zuen kazetariak. Jaya bere etxen sartuta dago, "atxilotuta", 2020ko azaroaren 13an etxera itzuli zenetik, Mendebaldeko Saharako herrialde okupatuetara. Iritsi berritan, aktibista izanik, "jipoitu eta bortxatu" egin zuten Jaya Marokoko tropetako soldaduek, eta ia urtebete geroago, etxean "isolatuta" jarraitzen du Sultana Jayak. 

Egoeraren larritasuna atzean utzi gabe, ordea, "borrokan jarraitzeko beharra" azpimarratu zuen Fatma el Galiak, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa lortu eta hainbeste urtetan luzatutako "amesgaiztoari amaiera emateko".