Nazioarteko ahotsak Zarautzera itzuliko dira urriaren 27an

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 21a, 16:00
IƱaki Eskudero, Josu Iriondo eta Irune Urbieta aurkezpenean. (Mireia Galarza Bastida)

Suediako, AEBtako eta Madrilgo ahotsek kontzertuak eskainiko dituzte Zarautzen, Frantziskotarren elizan, Nazioarteko Ahotsak ekimenaren barruan. 

Urtero bezala, iazko etena salbu, Nazioarteko Ahotsak ekimenak Zarautz hartuko du urriaren 27tik azaroaren 2ra arte. Zarautz abesbatzak Tolosako Turismo Sailarekin eta Zarauzko Udaleko Kultura Sailarekin antolatzen du ekimena, eta urteak joan eta urteak etorri, nazioarteko ahotsak iristen dira Zarautzera. 

Aurten ere hala izango da. Hain zuzen, urriaren 27an hasiko da ekimena, AEBetako Missouri State University Chorale abesbatzarekin. Urriaren 30ean, aldiz, Europako abesbatza bat izango da Zarautzen, Suediako Sofia Vokalesemble taldea, hain zuzen. Hurrengo egunean, Madrilgo Coro de Jovenes abesbatzak kantatuko du, eta azkenik, azaroaren 2an, Suediako VoNo ahots taldeak eskainiko du saioa. Herrian abesten duten talde guztiek hartzen dute parte Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan.

Kontzertu guztiak Zarauzko Frantziskotarren elizan izango dira; lehenengoa 20:30ean, bigarrena 12:30ean eta azkenengo biak 20:00etan. Urtero bezala, sarrera arruntak bost euro balioko du, eta abesbatzaren elkarteko kideentzat, aldiz, hiru euro. Sarrerak eskuratzeko aukera kontzertua baino ordubete lehenago izango dute herritarrek, eliza kanpoan egongo den postuan. Abesbatzako kideek azaldu dutenez, “nahitaezkoa” izango da kontzertuan zehar maskara jantzita edukitzea.

Irune Urbieta Zarauzko Kultura zinegotziak azaldu duenez, “ekimen garrantzitsua” da urtero Zarauzko abesbatzak antolatzen duena, besteak beste, abesbatzek herrian hartzen dutelako ostatu, eta hori lagungarria delako herriko turismo eta negozioentzat. Horregatik, “eskerrak” eman nahi izan dizkie Zarauzko abesbatza osatzen duten kideei.

Musikaren indarra 

Iñaki Eskudero abesbatzako batzordekideak azaldu duenez, ordubete inguru irauten duten kontzertu horien bidez, herrialde desberdinetako “folklorea eta sena bereganatzen du Zarautzek”. Bere hitzetan, “oso ondo” pasatzen dute talde desberdinak entzuten, eta aukera “paregabea” da munduko ahotsak ezagutzeko. 

Josu Iriondo abesbatzako lehendakari ordearen hitzetan, gizakiak musika aukeratzen du “emozioak” trasmititzeko, eta hori oraindik eta indartsuagoa da ahotsez egiten denean. Beraz, herritarrak gonbidatu nahi izan ditu kontzertuetara “zentzumenak ireki eta ahotsez gozatzeko”.