Asteburuko sexu erasoa salatu dute udal taldeek eta hainbat zarauztarrek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 22a, 16:24

Lege Zaharren enparantzan bildu dira hainbat herritar atzo argitara ateratako erasoa gaitzesteko. Bertan izan dira udal talde guztietako ordezkariak, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria ere.

Zarautzen gertatutako sexu eraso baten berri izan zuela plazaratu zuen udalak atzo, eta hura publikoki salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur. Lege Zaharren enparantzan bildu dira udal talde guztietako ordezkariak, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta beste hainbat herritar.

Amaieran, Xabier Txurruka alkateak udal talde guztiek onartutako adierazpen instituzionala irakurri du, eta elkarretaratzerako deialdian egin bezala, udalak erasoaren aurrean “gaitzespenik gogorrena” adierazi nahi duela azaldu du. Besteak beste, biktimari eta haren inguruari bere “laguntza eta hurbiltasuna” adierazi dizkio udalak plazaratutako oharrean, eta “errekuperazio eta erreparazio prozesuan laguntzeko behar dituen informazioa eta udal baliabideak” eskura dituela azaldu du.

Aldundiko Berdintasun zuzendariak jakitera eman du aste honetan lan handia izan dutela, hiru eraso sexista kudeatzea egokitu baitzaie: Zumaian, Zarautzen eta Zumarragan jazotakoak, hain zuzen ere. “Badirudi atzetik goazela. Indarkeria matxistari aurre egiteko oraindik ahalegin handiagoa egin behar dela. Ikusten duguna da ezinbestekoa dela koordinazioa eta lankidetza erakundeen artean eta gizartearekin”, adierazi du Elgarrestak.

Gloria Vazquez udaleko Parekidetasun zinegotziak irmo esan du Zarautzen ez dela onartzen indarkeria matxistarik. “Egiturazko arazoa da gure gizartean, eta jarraituko dugu lanean honekin bukatzeko. Horretarako, funtsezkoa da gizon eta emakumezkoen arteko berdintasunaren alde lan egitea”.