"Eguneko zentroan hamabost pertsona artatzeko bi langile gaude, eta egoera okerragoa da adinekoen egoitzetan"

Zarauzko eguneko egoitzako Noemi Iruretagoiena ELAko delegatuak esan du "aldundia gezurretan" ari dela adineko egoitzetako ratioei dagokienez: "Ez da egia langile bat dagoela bi egoiliarreko". Hain zuzen, gaur goizean langileek elkarretaratzeak egin dituzte Gipuzkoako egoitzetan ratio duinagoak aldarrikatzeko. Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian bat egin dute protestarekin. Hilaren 28rako eta azaroaren 12rako greba egunak deitu dituzte ELAk eta LABek.

ELA sindikatuak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur goizean zehar Gipuzkoako hainbat eguneko zentrotan eta adineko egoitzatan. Esaterako, Azkoitiko San Jose egoitzan, Azpeitiko San Martinen, Zarauzko Maria Etxetxikin eta Zumaiako San Juanen egin dituzte protestak langileek.

Noemi Iruretagoiena Zarauzko eguneko zentroko ELAko delegatuak salatu duenez, Maria Etxetxikin “bi langile daude hamabost pertsona artatzeko, eta egoera okerragoa da adineko egoitzetan”. Hortaz, esan du aldundia dela gezurretan ari dena, ez langileak: “Ez da egia langile bat dagoela bi egoiliarrentzat egoitzetan”.

“Nekatuta gaude, guztira hiru urtean 252 egun egin ditugu greban, eta ez digute kasurik egiten. Nahi duguna da gutxienez aldundiak guri entzutea”, esan du.

Gaurko mobilizazioen harira, ELAk salatu du adineko egoitzetako langileen egoera “gero eta gordinagoa”  dela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “uko” egiten diola negoziazioari. “Egoitzetako errealitatea onartu ordez, egungo eredua defendatzen jarraitzen du medioetan. Hala nola, errealak ez diren ratioak daudela defendatzen ditu, bi egoiliarreko langile bat dagoela esanez, datu zuzena honakoa denean: hamahiru egoiliar daude langileko”.

Horiek izan dira gaurko protesta antolatzearen arrazoiak. “Benetako ratioak eta egoera zein den aldarrikatzeko atera gara kalera. Aldundiari eskatzen diogu erantzukizunez jokatzeko, eta mahaiaren bueltan eser dadila”.

Sindikatuaren arabera, Gipuzkoako hogei zentrotan egin dute protesta gaur goizean.

Bi greba datozen egunetan

Protestez gain, grebak egiten jarraituko dute langileek. Izan ere, ELA eta LAB sindikatuek  eta Gipuzkoako Senideak taldeak hilaren 28an eta azaroaren 12an grebara deitu dituzte egoitzetako beharginak.

Hilaren 28rako hiru hitzordu zehaztu dituzte: 08:00etan lan zentro guztietan pikete informatiboak egingo dituzte; 11:00etan prentsaurrekoa egingo dute aldundiaren egoitzaren aurrean; eta 11:30ean mobilizazioa hasiko dute, egoitza aurretik.

ELAk bezala, LABek ere ratioen eredua eguneratzea eskatzen du, eta negoziazio kolektiboa berraktibatzea.

Ohi bezala, gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izango dira; hau da, praktikan, langileek ezin dute grebarik egin, soilik delegatu sindikalek.