Mahats gutxiago, baina errentagarriagoa

Amaia Urbieta Arruti-Gipuzkoako Hitza 2021ko urr. 23a, 09:00

Mahatsa biltzeko lanak amaitzen ari dira Getariako Txakolina sor-markako upategiak, eta dagoeneko hartzitzen ari dira hainbat txakolin kupel. "Gradu gutxiago" izango baditu ere, "oso fina" izango da aurtengo uzta, txakolinzaleen arabera. Gipuzkoako Hitzan atera dute eskualderi estu lotutako gaiari buruzko erreportajea.

Ostalaritzari estu-estu lotutako jarduna izanik, txakolingileek ez dute lan erraza izan 2020an ekoitzitakoari aterabidea ematen. Zikloa berriz hasten ari da, ordea, eta oso bestelako tankera dakar aurtengo txakolinak. Zenbait upategik amaitu dute dagoeneko mahats biltzea, eta beste hainbat amaitzear dira. 2020ko uzta oparoa izan zen oso, eta haren aldean, oro har, kantitatez murritzagoa ari da izaten aurtengo uzta. Dena den, txakolingileek argi dute aurtengo uztari iazkoari baino etekin handiagoa aterako diotela.

Zarauzko Talai Berri txakolindegiko Itziar Eizagirreren arabera, udan behar baino eguzki gutxiago hartu dute mahastiek, eta horrek eragin du kopurua jaistea. Kalitatez, ordea, jasotako mahatsa “oso ona” dela baieztatu du. Eguzki faltak mahats biltzea pixka bat atzeratzea eragin du aurten, “txakolina ekoizteko orduan behar den kalitatea lortu ahal izateko”. Zarauzko Basa Lore txakolindegiko Joxe Manuel Lazkanok, aldiz, azaldu du beraiek ez dutela igarri iaz baino mahats gutxiago jaso dutenik aurten. Orduko kopuruetara iristea espero duela adierazi du.

Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorri deiturako idazkariak baieztatu du “kalitate oneko mahatsa” bildu dutela upategiek. “Ez baldin badago klima arazo handirik, oso ona izan ohi da uzta. Sektore profesionala da, eta asko zaintzen dute mahastia”. Aurtengo txakolinaren kalitatea, beraz, apartekoa izango dela uste dute, “gradu gutxiago” edukiko dituen arren.

Guztizko kopuruetan, iaz baino %10 edo %15 mahats gutxiago bildu dute. Mozok adierazi du datu zehatzik ezin duela eman oraindik, zenbait upategik ez dutelako mahats biltzea amaitu; esaterako, Basa Lorek. Lazkanok azaldu duenez, aste honetan bertan amaitzea espero dute lan hori. Mahatsa biltzen hasita zeudela, hamar egun inguruko geldialdia egin behar izan zuten, “mahatsen graduazioa apal samarra zelako eta garraztasuna handiegia”. Itxaronaldiaren ostean, hori “konpondu” zen, Lazkanoren arabera, eta behar bezala heldutako mahatsa jasotzeari ekin zioten Basa Loren.

Aurreko sasoiko uzta “oso handia” izan zenez, aurtengoa beraientzat urte “normal samarra” dela uste du Talai Berriko Eizagirrek. “Lehengo urtean, martxotik eguzki egun asko eduki genituen, eta uzta izugarria izan zen kopuru zein kalitate aldetik”.

Txakolingileei, ordea, asko kostatu zitzaien oparotasun hari aterabidea ematea. Baita Talai Berri eta Basa Lorekoei ere. Egun, oso bestelakoa da egoera. “Tabernetako barretan kontsumi daitekeenetik igarri dugu salmentak asko igo direla. Jantokietan ere antzematen da, baina, batez ere, barran”. Tabernak ixteak eragin handia dauka txakolingileen salmentetan; beraz, Eizagirrek espero du orain “ez ixtea berriro, eta dena bere onera itzultzea”.

Behetik gora

Iaz esportazioak salbazio izan zituztela ere aipatu du Eizagirrek. “Hemengo salmentekin bakarrik, gaizki ibiliko ginatekeen”. Izan ere, atzerrira saltzen hasi zirenetik, Getariako Txakolina arrakasta izaten ari da zenbait lurraldetan. Talai Berriko arduradunak jakinarazi duenez, atzerriko salmenten %70-80 AEBetara egiten dituzte, eta gainontzekoak Japoniara eta Europako lurraldeetara. Basa Lorek ere saltzen du txakolina atzerrira; Lazkanoren arabera, ekoizpenaren “erdia baino gehixeago” bidaltzen dute kanpora. “Kanpoan ere ostalaritza itxita egon zen, ordea, eta nahikoa beldur izan genuen, ea bodega ez ote genuen hustuko”. Basa Loreren eta Talai Berriren moduan, txakolindegi askok egiten dute atzerriko salmenten aldeko hautua.

Mozoren arabera, jatorri deiturako upategientzat “oso txarrak” izan ziren iazko urtarrila eta otsaila. “Upategi batzuek ostalaritzari bakarrik saltzen diote txakolina, eta horiek ezin izan dute ezer saldu. Beste batzuek dendei edo supermerkatuei ere saltzen diete, eta alde handia eragiten du horrek”. Oraingoz, hamalau upategi daude Getariako Txakolina jatorri izenaren barruan, eta aurten beste bik egin dute bat.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.