Batxilergoko ikasleei bizikletarako argiak banatu dizkie Udaltzaingoak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 24a, 10:00

Urte sasoi honetan goizean goiz bizikletaz mugitzen diren gazteak argirik gabe joatearen arriskuez ohartarazi dituzte, ordu horretan ilun egoten baita oraindik.

Bide heziketaz arduratzen diren Zarauzko Udaltzaingoko agenteek saio bereziak egin dituzte aste honetan Oteiza Lizeoko eta Lizardi Institutuko Batxilergoko ikasleekin. Urte sasoi honetan, ikasleak goizean goiz eskolara joaten direnean oraindik ere ilun egoten da, eta bizikletaz doazenek istripuren bat edukitzeko arriskua saihesteko argiak eramatea garrantzitsua da.

Arrisku horren jakitun izan daitezen, kontzientziazio saioak egin dituzte udaltzainek eta, horrez gain, ikasleen artean bizikletarako 550 argi banatu dituzte. Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, argi horiek "modu errazean jarri eta kentzen dira bizikletatik", eta USB bidez kargatzen dira.

Prebentzio kanpainaz gain, egunotan goizez dabiltzan bizikleten argiteriaren kontrola egingo du Udaltzaingoak, "kontzientziazioa areagotzeko eta segurtasuna bermatzeko".