Elkarretaratze jendetsua egin dute Zumaian Zarauzko sexu erasoa salatzeko

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 23a, 09:47

Elkarretaratze isila egin du hainbat herritarrek Zumaiako Beheko Plazan, aurreko asteburuan Zarautzen izan zen sexu erasoa gaitzesteko eta erasoa jasan zuen emakumeari babesa adierazteko.

Zarauzko Udalak joan den asteburuan gertatutako eraso baten berri eman zuen ostegunean, eta biktima zumaiarra izanik, elkarretaratzea deitu zuen Zumaiako Mugimendu Feministak Zumaiako Udalarekin batera atzo arratsalderako. Zarauzko Bilgune Feministak ere bat egin zuen elkarretaratzearekin.

Zumaiako Beheko Plazan elkartu zen atzo hainbat herritar, eta elkarretaratze ixila izan bazen ere, garbi adierazi zuten pankarta baten bidez ez dutela eraso sexista gehiago onartuko. Bigarren aldia da aste honetan Zumaiako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitzen duena, aurreko asteburuan gertatu zen beste eraso bat salatzeko egin baitzuten asteazkenean manifestazioa herrian.