42. Natur Astea

Asteartean hasiko da 42. Natur Astea

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 23a, 13:30

Osasun larrialdi egoera gaindituta, jarduera guztiak zuzenean eta bertatik bertara gauzatu dituzte. Besteak beste, onddoak eta hegazti intsektujaleak izango dira aurtengo protagonistak.

Natur Asterik gabeko udazkenik ez da izaten Zarautzen, eta aurtengoa ez da gutxiagorako izango. Asteartean hasi eta igandera bitartean naturari hamaika ertzetatik begiratzeko aukera izango dute herritarrek, Arkamurkak horretarako propio prestatu duen egitarauari esker. Hitzaldiak, ikus-entzunezko emanaldiak, erakusketak eta beste hamaika kontu ekarriko ditu 42. edizioak, eta gainera, osasun larrialdi egoera gaindituta, zuzenean eta bertatik bertara gauzatuko dituzte jarduera guztiak.

Egitaraua

  • Urriak 26, asteartea. Jose Luis Albizu Golindo gogoan, mikologiaz eta Artikutzaz jardungo dute. Joxepo Teres Aranzadi eta Arkamurka elkarteetako kideak emango du hitzaldia, Kiko Otxoaerrartek egindako bideo batez lagunduta. Modelo aretoan izango da saioa, 19:00etan hasita.
  • Urriak 27, asteazkena. Enarak proiektua Zarautzen, hegazti intsektujaleek duten garrantziari buruz herritarrak sentsibilizatzen hitzaldia emango du Maite Laso Aranzadi zientzia elkarteko kideak. Arkamurka elkartearen egoitzan —Santa Marina kaleko 2. zenbakian— izango da saioa, 19:00etan hasita.
  • Urriak 28, osteguna. Egia al da onddoak desagertzen ari direla? Onddoen kontserbazioan dauzkagun erronkak hitzaldia emango du Ibai Olariaga Aranzadiko mikologia saileko koordinatzaileak. Modelo aretoan izango da saioa, 19:00etan hasita.
  • Urriak 29, ostirala. Zarauzko bioaniztasuna hitzaldia emango du Eneko Azkue Arkamurka elkarteko kideak. Arkamurkaren egoitzan izango da saioa, 19:00etan hasita.
  • Urriak 31, igandea. Jose Luis Albizu Golindoren omenezko perretxiko erakusketa. Merkatu plazako beheko solairuan egingo dute, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era egongo da ikusgai.