Haurren kontrako sexu indarkeria izango da azaroko jardunaldietako gai ardatza

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 25a, 09:00
Udaleko ordezkariak eta hainbat herritar plazan, joan den astean herrian izandako eraso bat salatzeko egindako elkarretaratzean.

Hemen da azaroaren 25a, Emakumenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta aurten ere Indarkeria Matxistari Buruzko Jardunaldiak antolatu ditu Zarauzko Udalak. Haurren kontrako sexu abusuen gaia da aurten mahai gainera aterako dutena, eta gai horren inguruko hiru hitzaldi eta film emanaldi bat izango dira datozen asteetan.

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta data horren bueltan, Indarkeria Matxistari Buruzko Jardunaldiak antolatu ditu Zarauzko Udalak, seigarren urtez. Sexu abusuak haurtzaroan. Hautsi dezagun isiltasuna lelo hartuta, haurren kontrako sexu indarkeria izango da jardunaldietako gai ardatza. 

Herri erakundeak eskuartean dituen datuen arabera, bost pertsonatik batek sexu indarkeria motaren bat jasan du haurtzaroan. Dena dela, gaur-gaurkoz ez da ezagutzen era horretako erasoen benetako dimentsioa, informazio oso gutxi dagoelako. Horrek esan nahi du sexu abusuaren prebalentzia estatistikek diotena baino askoz handiagoa izan daitekeela. 

Haurreganako eraso mota horren zenbait ezaugarri ere nabarmendu ditu udalak. Haren esanetan, "pertsona heldu abusatzaileak indarkeria fisikorik eta agresibitaterik gabe egiten dizkio abusuak adingabeari, haren onarpena eta konplizitatea bilatuz. Horregatik, biktima askotan ez da ohartzen berataz abusatzen ari direla". Gerora, ordea, horrek ondorio sakonak eta iraunkorrak izan ohi ditu biktimaren garapenean. 

Egitaraua eta gonbidapenak

Puntu horietan eta beste hainbatetan sakontzeko, eta finean, haurren kontrako sexu abusuen gaia mahai gainera ateratzeko, hiru hitzaldi eta film emanaldi bat antolatu ditu udalak. Hona hemen Indarkeria Matxistaren Inguruko Jardunaldien egitaraua:

  • Azaroaren 4an, Sexu abusua haurtzaroan. Zer da eta zer egin daiteke? hitzaldia emango du Enrique Echaburua EHUko psikologia klinikoko katedradun eta Jaikundeko akademiko osoak. 
  • Azaroaren 11n, Haurren eta nerabeen aurkako sexu indarkeria; nola aurre egin komunitatean hitzaldia emango du Aitziber Bañuelos gizarte hezitzaileak. Haur eta nerabeen aurkako indarkeria matxistetan eta sexu indarkerietan aditua da, eta baita Eraikiz kolektiboko proiektuen koordinatzailea ere. 
  • Azaroaren 18an, Screening ASI, haurren sexu abusuaren susmoak detektzateko tresna hitzaldia emango dute Jose Ramoz Elizondo pisikologo kliniko eta psikoterapeutak eta Rosa Lizarraga haur eta nerabeen psikoterapeutak.
  • Azaroaren 25ean, Montxo Armendarizen No tengas miedo filma emango dute..

Hitzaldi guztiak Modelo aretoan izango dira, gaztelania hutsean, 18:30ean hasita. Zuzenean zein online jarraitzeko aukera egongo da. Film emanaldia ere Modelo aretoan izango da, baina 19:00etan hasita. Jardunaldietako jardueraren batean parte hartu nahi dutenek, beharrezkoa izango dute aurrez izena ematea berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita edota 943-00 51 17 telefono zenbakira deituta.