Bihartik aurrera eman ahalko da izena Aldapetako Babes Ofizialeko Etxebizitzak alokairuan esleitzeko prozeduran

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 25a, 14:48

Hamar laneguneko epea izango dute herritarrek prozeduran izena emateko. Hamasei etxebizitza zozkatuko dituzte: bi logelako bederatzi eta hiru logelako zazpi.

Bihar irekiko du Etxebidek Aldapetan Babes Ofizialeko Etxebizitzak alokairuan esleitzeko prozeduran izena emateko epea. Hamasei etxebizitza esleituko ditu alokairuan Etxebidek, denera. Horietako bederatzi bi logelakoak dira, eta 58,94 metro koadro eta 63,69 metro koadro bitarteko azalera dute. Gainontzeko zazpi etxebizitzak, berriz, hiru logelakoak dira, eta 82,47 metro koadroko azalera dute.

Izena emateko hiru modu daude: Donostiako Andia kaleko 13. zenbakian dagoen Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara bertaratzea da aukera bat, bertara postaz mezua bidaltzea (Andia kalea 13, 6.A. 20004 Donostia) beste bat eta, horiez gain, telematikoki ere eman daiteke izena, etxebide.euskadi.eus web orrian.

Prozeduraren berri dakarren dokumentua plazatu dute gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Haren arabera, hainbat baldintza bete beharko dira esleipen prozeduran parte hartu ahal izateko. Besteak beste, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egon beharko da, eskatzaileen titularretako batek Zarautzen erroldatuta egon beharko du, eta 2020ko zergaldiko diru-sarrera haztatuek 9.000 eta 39.000 euro artekoak izan beharko dute.

Dokumentuak zehazten duenez, agindua EHAAn argitaratu eta hamar laneguneko epea izango dute herritarrek prozeduran izena eman ahal izateko. Azaroaren 1a jai eguna denez, azaroaren 9a izango da horretarako azken eguna.

Xehetasun guztiak irakurgai daude dokumentu honetan.