New Yorkeko eguneroko aurpegiak, Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 26a, 10:30

Photomuseumek aldi baterako erakusketa berria inauguratu du, eta Mikel Hidalgo argazkilari durangarraren The Street is ours ¡!! izenekoa paratu du. Bertan, egileak 2019ko abenduan New Yorkera egindako bidaian ateratako 44 argazki daude ikusgai.

Street Photography delakoaren ezaugarriei jarraituz, hiri-ingurunea jasotzen duen argazki-sorta proposatzen du. Inoiz lorik egiten ez duen hiriaren esentziarekin: kaleak, etorbideak, metro-ahoak, etxeorratzak, zubiak... Jendez gainezka dagoen oihana, erritmo frenetikoan, batetik bestera. Haien aurpegiak inolako artifiziorik gabe begiratu, behatu eta, zintzotasun osoz, objektiboarekin harrapatu nahian.

Bronx, Queens, Brooklyn, Staten Island eta Manhattan. Hiriko irudi idilikotatik ihes egin nahian, ohiko paisaia turistikoak saihestuz, haien ifrentzuak edo txoko ezezagunagoak bilatu nahi izan ditu Hidalgok. Auzo bakoitzeko bizilagunen benetako egunerokotasuna ezagutzeko, eta, bide batez,  ezagutzera emateko ateratako irudien bitartez. Bestelako New York bat, benetako New York bat.

Kaleko argazkilaritza izanik, oso azkar ibili behar izaten da momentu zehatza atzemateko. Izan ere, uneak oso iheskorrak dira. Aitzitik, argazkiak modu analogikoan pentsatu eta lasai egitearen aldekoa da durangarra, eta erakusketa hau horren emaitza da. Beraz, bere argazkiek islatzen duten bat-batekotasunek badute atzetik lan bat, dela naturaltasunarena dela enkoadratzearena. Horretan datza Hidalgoren begia, eskua eta magia.

The Street is ours ¡!! erakusketak gaur ireki ditu ateak, eta datorren azaroaren 28ra arte bisitatu ahal izango da; asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 10:00etara. Sarrera arruntak 6 euro balio du eta murriztuak, berriz, 3 euro; asteazkenetan eta ostiraletan museoaren sarrera doakoa da.