Zarauztarren doinuak

Aritz Mutiozabalen doinuak

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 27a, 09:00

Asteazkenero, zarauztar batek hautatutako bost abesti jasoko ditugu 'Zarauztarren doinuak' atalean, eta Aritz Mutiozabal da aste honetako protagonista.

Ezagutzen nautenek edo nire ingurukoek agian ezustekoa jasoko dute aukeratu ditudan bost abestiak entzuten dituztenean. Beti lotu izan naute musika gogor eta astunetara –metala, hardcorea eta punka–, nahiz eta nik beti aitortu dudan musikazalea naizela eta denetarik entzutea gustuko dudala. Beno, denetarik ez! Hori bai, ezagutzen nautenek badakite zer ez dudan atsegin.

Atal honetako gonbidatu guztiek esaten duten gauza bera ez esateagatik, esango dut oso erraza egin zaidala abesti zerrenda labur hau osatzea. Bai, zera! Beraz, damutu aurretik, eta beste musika talde edo abeslari batzuk ustekabean sartu baino lehen, hona hemen nire aukeraketa:

1. Wim Mertens - Maximizing the Audience

Wim Mertensek hainbat konposizio sortu ditu bere ibilbidean zehar, eta honako hau zeresana eman zuen The power of theatrical madness antzezlanerako ondu zuen (1984an estreinatu zen Venezian). Nik 25 urte geroago egin nuen topo pieza honekin. Bikotekidearekin batera bizitzera joan nintzen lehenengo pisuan hainbat CD zeuden, aurreko maizterrak utzitakoak-edo, eta horien artean New Age-eko bilduma bikoitz bat zegoen. Lehen diskoko lehen abestia Maximizing the Audience zen, eta berehalakoan harrapatu ninduen.

2. Miles Davis - So What

Betidanik gustatu zait jazz musika. Hasieran Duke Ellington, Ella Fitzgerald, Billie Holiday eta Louis Armstrong bezalako klasikoekin zaletu nintzen, baina generoan murgiltzen joan ahala, bestelako estiloak ezagutzen joan naiz. Asko dira gustatzen zaizkidan musikariak: Sonny Rollins, Chet Baker, Thelonious Monk, Charlie Parker, Nina Simone, Dizzy Gillispie, Stan Getz... Baina badira apartak diren bi artista: Miles Davis tronpetarekin eta John Coltrane saxoarekin. Abesti hau Davisena bada ere, Coltrane-ek ekarpen itzela egiten dio.

3. Nick Cave & The Bad Seed - Jubilee Street

Argi eta garbi neukan Nick Cave-en abesti batek joan behar zuela zerrenda honetan. Duela ez gutxi bolada txar bat pasatu nuen, eta bere musika helduleku bat izan zen niretzat. Cave-en poetikotasuna, indarra eta aldi berean melodia; eta hori guztia bidaide duen Warren Ellis musikariaren esperimentaltasunarekin. Aukeratu dudan abestiaren bertsioa Cave-en bizitzan oinarritutako 20.000 Days on Earth film dokumentalean jasotakoa da. Portzierto, ikusi ez baduzue, guztiz gomendagarria!

4. Ennio Morricone - Ecstasy of Gold

Sergio Leone zuzendari italiarrak sinatutako Dollarraren Trilogiako soinu banda egin zuen Ennio Morriconek, eta ia jende gehienak badaki zein den spaghetti western haietako piezarik ezagunena. Honako hau ez da horren ezaguna. Metal eta heavy musika gustuko dutenek jakin badakite, ordea, Metallica taldeak abesti hau jartzen duela intro gisa bere kontzertuetan duela 35 urtetik. Beharbada, horregatik gustatzen zait? 

5. Mikel Laboa - Langile baten galderak liburu baten aurrean

Bertol Brecht-en poema hilezkor hau euskaratu zuen Joxe Azurmendik eta Mikel Laboak musikatu 1980ko Lau-bost diskorako. 25 urte geroago, Xoriek 17 diskorako berriz grabatu zuen abeslari donostiarrak, baina orduan Xabier Montoia eta Ruper Ordorika izan zituen gonbidatu. Gainera, jatorrizko bertsioan gitarraz lagunduta abestu bazuen, bigarren aldian Iñaki Salvadorren pianoarekin moldatu zuen pieza jazz ukitu nabarmena emanez.