Haurren kontrako sexu indarkeriari buruzko jardunaldiak egingo dituzte

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 27a, 16:40

Hiru hitzaldi eta film bat antolatu ditu Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak azarorako .Hileko ostegun arratsaldetan izango dira saio guztiak, Modelo aretoan

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta data horren bueltan, Indarkeria Matxistari Buruzko Jardunaldiak antolatu ditu Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak seigarren urtez. Aurten, haurren kontrako sexu indarkeria izango dute ardatz antolatu dituzten saioetan. Sexu abusuak haurtzaroan. Hautsi dezagun isiltasuna lelopean hartuta. Guztira, hiru hitzaldi prestatu dituzte azaroko hiru ostegunetan –hilaren 4an, 11n eta 18an–, 18:30ean hasita, Modelo aretoan; eta online jarraitzeko aukera ere izango da. Bestalde,  gaiari lotutako No tengas miedo filma emango dute hileko azken ostegunean.

Haurren aurkako sexu  indarkeria dagoen «gogorrenetarikoa» dela nabarmendu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak, «adin txikikoen zaurgarritasunagatik». Emandako datuen arabera, bost pertsonatik batek sexu indarkeria motaren bat jasan du haurtzaroan, eta gehienetan familiaren barruan gertatzen da, edo familiatik hurbil. «Zentzu horretan, abusuak familiako kide batek egiten dituenean, zaila izaten da askotan salatzea», dio Vazquezek.

 Gizartean oso gutxi hitz egiten dela gaiari buruz gaineratu du, familia barruan geratzen direlako gehienetan. «Baina funtsezkoa da isiltasun hori apurtzea, tabu hori etetea, gure haurrak babesteko  eta indarkeria matxista honekin bukatzeko», zehaztu du zinegotziak. Azken finean, helburu horrekin antolatu dituzte aurtengo jardunaldiak:  haurrek jasaten dituzten sexu abusuei buruz libreki hitz egiteko eta jendaurrean azaleratzeko.


Hizlari adituak
Gaian adituak diren hainbat  hizlari gonbidatu dituzte jardunaldietan parte hartzera: EHUko psikologia klinikoko katedradun Enrique Etxaburua, Aitziber Bañuelos gizarte hezitzailea eta Eraikiz kolektiboko kidea, Jose Ramon Elizondo psikologo kliniko eta psikoterapeuta, eta Rosa Lizarraga haur eta nerabeen psikoterapeuta. 

Hain justu ere, Lizarragak jardunaldien aurkezpenean hartu du parte Parekidetasun zinegotziarekin batera. Haurren aurkako abusua aintzinatik datorrela dio, baina duela gutxira arte ez zaiola jaramonik egin. «Pertsona heldu batek laguntzen ez badie haur horiei nekez azaleratuko dira. Izan ere, haur horiek badakite zerbait pasatzen dela, baina ez dakite identifikatzen». Lan horretan buru-belarri dihardutela adierazi du psikoterapeutak, eta, guztira,  50 adierazle biltzen dituen «web orri erabilgarri bat» sortu dutela azaldu du. Erreminta hori hitzaldian aurkeztuko dute.

Jardunaldietako hitzaldi guztiak gaztelania hutsean izango dira, eta horietan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako hainbat bide daude:  943-00 51 17 telefonora deitu daiteke, berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzi edo Zarauzko Parekidetasun Sailaren web orrian bertan inskripzio egin.