Merkataritzari bideratutako argazkigintza digitalari buruzko ikastaroa antolatu du UKUEk

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 1a, 17:00

Ikastaroak 20 orduko iraupena izango du, eta merkataritzako eta zerbitzuen alorreko negozioen irudia hobetuz, sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea du helburu. Izen-emate epea azaroaren 12an bukatuko da. 

Merkatarientzako eta zerbitzu enpresetako profesionalei bideratutako argazkigintza digitalari buruzko ikastaroa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak, Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan. Helburua da eskualdeko merkataritza eta zerbitzuen alorreko negozioen irudia hobetuz, sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea. 

Produktu edota zerbitzuak sare sozialetan edota bestelako euskarrietan ezagutarazteko, argazkigintzaren oinarrizko tekniketan sakonduko da ikastaroan, UKUEk azaldu duenez. Hiru izango dira jorratuko diren gai nagusiak: argazkigintza-teknikak eta joera berriak; argazkigintza digitalaren trikimailuak; eta merkatuan kokatzeko, irudiak enpresarengan duen eragina..

Ikastaroak 20 orduko iraupena izango du; azaroaren 16an hasiko da, eta abenduaren 16ra arte luzatuko da. Hilabetez, astearte eta ostegunero egingo dira bi orduko saioak. Aurrez aurrekoak izango dira saio guztiak. Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango dira eta, ordutegia sektorearen arabera egokituta,  14:00etatik 16:00etara bitartean eskainiko dira. 

Izen-emate epea dagoeneko zabalik dago. Horretarako, UKUEren Enpresentzako zerbitzuekin (Eli Uzkudun) jarri beharko da harremanetan, 943-890 808 telefonora deituta, edo enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzita. Plaza kopurua mugatua da, eta izen-ematea azaroaren 12an amaituko da.