Herriko ostalariek Eman Bostekoa kanpaina egingo dute hilabetez

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 3a, 15:00
Zurekin elkarteko ordezkariak eta Ixidor LarraƱaga zinergotzia. (Zarauzko Udala)

Bezeroen leialtasuna eskertu nahi dute egitasmo berriarekin. Ostiralean abiatuko dute, eta, guztira, bost euroko 8.800 opari-txartel banatuko dituzte.

Zurekin ostalaritza elkarteak eta Zarauzko Udalak Eman Bostekoa bonu kanpaina jarriko dute martxan, bezeroei haien leialtasuna eta laguntza eskertzeko. Ostiral honetan hasi eta abenduaren 3a bitartean iraungo du dinamikak, eta epealdi horretan herriko ostalaritza establezimenduek bost euroko opari-txartelak banatuko dituzte bezeroen artean. Hauek hurrengo aldi batean erabili ahal izango dute txartela lortu duten establezimenduan bertan edo kanpainara atxikitutako beste edozeinetan.

Guztira, 50 establezimendutik gora parte hartuko dute eta 8.800 opari-txartel jarriko dituzte eskuragarri. Udalak 44.000 euro bideratuko du horretara. “Zurekin elkartearen laguntza eskertzekoa da, lan ugari egin baitute kanpaina hau martxan jartzeko garaian” adierazi du Ixidor Larrañaga Turismo, Merkataritza eta Ostalaritza zinegotziak.

“Murkilekin elkarlanean merkataritzarekin egin zen bide berean, kasu honetan ere ostalaritza jarduera sustatu eta herriko kaleak girotu nahi ditugu behe-denboraldi honetan sektore guztiaren partaidetzarekin, ostalaritza zein ostatu establezimenduekin”, zehaztu du Larrañagak.

Martin Arguiñano Zurekin Elkarteko presidenteak, bere aldetik, adierazi du Eman Bostekoa kanpaina baliatu nahi dutela "azken hilabeteetan lagundu diguten pertsona guztiei” eskerrak emateko.