Ehun ume eta gaztetxok parte hartu dute Txikisurf topaketan

Igande goiz-eguerdi partean ezohiko egitasmoa egin da hondartzan, surflari gazteenek aukera izan dutelako surf lehiaketa ofizialen dinamika probatzeko. 10, 12 eta 14 urtez azpikoak uretan ibili dira bodyboardean nahiz surfean, eta denen artean opariak zozkatu dituzte amaieran.

Gipuzkoako Surf Federazioak eta Federartek antolatuta, Zarauzko Surf Klubaren laguntzarekin, 10, 12 eta 14 urtez azpiko ehundik gora ume eta gaztetxok surf topaketa egin dute igandean Zarauzko hondartzan, "surf lehiaketa ofizialak nolakoak izaten diren ikus dezaten", Unai Fernandez federazioko kideak azaldu duenez. 

Txikisurf topaketan, surflari bakoitza bi aldiz uretaratu da, eta olatu askorik ez zen arren, gozatu egin dute esperientziarekin.

Hala, podiumik eta irabazlerik ez da egon,  eta parte hartzaile guztien artean opariak zozkatu dituzte antolatzaileek.

Bodyboard eta surf lehiak egin dituzte, eta herrikoez gain, Gipuzkoa osotik bertaratu dira kirolari txikiak, baita Zumaiatik, Getariatik eta Oriotik ere.

Egitasmoa zabaltzeko, laguntzen beharra

Fernandezek azaldu du aurrez halako topaketak egin dituztela Donostian eta Deban –Groseko Indarra eta Debako Zurrunbillo surf elkarteen laguntzari esker– eta nahiko luketela Gipuzkoako kostaldeko herri guztietan egitea.

Ordea, "laguntza falta" dutela salatu du: "Diru laguntzak beharko genituzke halako egitasmoak herri gehiagotan egiteko. Beste kirol batzuentzat badaude laguntzak, baina guretzat ez, eta aldarrikatu nahi dugu hemen ere ume asko dabiltzala, ilusio handiarekin".