Bertso-sorta: 'Urratsez urrats'

Inaxio Uria Isasti-ren bertso-sorta berria, Iparragirre abila dela doinuan abesteko.

-1-
Aurtengoan bederatzi urte
igaro direla eta
Bidai honen euskarri izanik
bereziki, erretreta
Egoera berrira
moldatu behar, tira!!
Beraz jarriaz arreta
nire gustura osatu nuen
egunen antolaketa (bis)

-2-
Hasieratik egitasmoan
izan arren hainbat duda
goizez ibilaldia izan zen
bihurtu zena ohitura
Oinez ordu ta erdi
Eta anitz izerdi
Hortan jarriaz ardura
berehalaxe jabetu nintzen
niretzat zela onura (bis)

-3-
Lehen urteetan barnean ziren
aldapak, gora ta behera
Baina gerora halabeharrez
laua izan zen aukera
Bi belaunen aginduz
joan nintzen arinduz
Onarturik egoera
Kilometro aldetikan noski
mantenduz kopuru bera (bis)

-4-
Lagun batek galdetu ondoren
Piztuz nire jakinmina
Urrats kopurua zen zehazki
Hor ote nintzen jakina?
Orduan berehala
ohiko dudan bezala
argitu nahirikan grina
Zenbaki dantzan murgildu nintzen
jarriz nire ahalegina (bis)

-5-
Eguneroko sei kilometro
urtean dira bi mila
Metroak bi milioi izanikan
Benetan da kriston pila
Ta urrats kopurua?
Pizkat landu burua
Ez da izan behar abila
Ia bikoiztuaz, hiru milioi
Hau da zenbaki hurbila (bis)

-6-
Urtean hiru milioi izanik
bederatziz biderkatu
Hogeitazazpi milioi zehazki
ondo baditut zenbatu
Behatuaz horrela
Kopurua itzela!!
Aspaldi nintzen ohartu
zapatilen zolak ta belaunak
bapo direla gastatu (bis)