Zarauztarren doinuak

Gari Berasaluzeren doinuak

Asteazkenero, zarauztar batek hautatutako bost abesti jasoko ditugu 'Zarauztarren doinuak' atalean, eta Gari Berasaluze da aste honetako protagonista.

1. Aziza Brahim – Julud


Hertzainak taldea entzunez ikasi genuen mundu berria daramagula bihotzean, eta
harrezkero ahalegindu gara munduari beste modu batera begiratzen. Horrela heldu
zaizkigu belarrietara Rim Banna Palestinatik, Cesaria Evora Cabo Verdetik, Sara Tavares
Portugaldik edota Aziza Brahim Saharatik, gehien entzun ditugunak aipatzearren. Aziza
Brahim Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan sortu eta hezitako musikaria da, eta horixe
da Julud (errefuxiatua) abestiaren gai nagusia ere: erbesteratuen eta errefuxiatuen
bizimodu gordina. Zarautzen zenbait urtez egin zen Desioak Sutan Sahararentzat
ekimenerako Desio bat dut abestia ere grabatu zuen Aziza Brahimek Eñaut Elorrietarekin,
eta harrezkero apur bat etxekoagoa dugu gainera.

2. Ginestà - Estimar-te com la terra


Azken urteotan Herrialde Katalanetako musika asko entzun dut. Euskal Herrikoa baino
gehiago, beharbada. Ez da erraza talde edo abesti bakar bat aukeratzea, baina Ginestà
ekarri dut hona, bat nabarmentzearren. Bartzelonako taldeak bigarren diskoarekin
(Ginestà, 2019) kolpe ederra eman zuen, eta Enderrock sarietan urteko disko onenaren
saria jaso zuten. Diskoa zabaltzen duen abestia da Estimar-te com la terra hau. Ginestà
bezala, Herrialde Katalanetatik heltzen direnen artean, oso gustukoak ditut Xavi Sarria,
Cesk Freixas, Feliu Ventura, Suu, Blaumut edota Txarango, batzuk aipatzearren.

3. Cigarrettes After Sex - Don't Let Me Go


Aspaldidanik gustukoak ditudan arren, pandemiaren soinu-bandarekin eta, zehazki,
itxialdiko asteekin lotzen dut 2019an argitaratu zuten Cry diskoa. Auskalo zenbat buelta
eman zituen bafleetan! Ez dakit ezarri dieten “ambient pop” etiketa den zehatzena, baina
ordu lasaiak girotzeko benetan ederra da estatubatuar hauen musika. Cry diskoa
zabaltzen duen abestia da Don’t Let Me Go, eta ondorengo bederatzi abestietan
datorrenaren aurrerapen atsegina da.

4. Ginger – Ixo


Zarautz ezinbestean aipatu behar da. Ez dakit ohartzen garen zer daukagun etxean
bertan. Izan ere, zer da hau!?!? Dozenaka musika-talde handiren habia izan da eta da
herria. A zer-nolako taldeak eta musikariak gainera! Ezin da aipamena merezi dutenen
zerrenda luzea egin, bidean garrantzitsuren bat uzteko arriskua gabe. Ez litzateke zuzena.
Beraz, guztien ordezkari, nolabait, gaur egungo Ginger taldea aipatuko dut. Bidea egiten

hasi diren arren, dagoeneko erakutsi dute Zarautzen sortu diren musika-talde guztien
esperientzia, sendotasuna eta indarra batera bildu dutela. Hasieratik ezusteko ederra
eman dute Ixo abestiarekin, eta ez dut uste gehiegikeria denik esatea hurrengo urteotan
Euskal Herriko oholtzetan kultuzko taldea izango dela.

5. Merina Gris – sAIATZEN nAIZ ;-)

Merina Gris taldekoek abesten duten moduan, “berriz gertatzen ari da: heldu da udaberria,
udazkenaren erdian”. Beste sasoi eta talde batzuekin gertatu zen bezala, ohiko estiloak
eta ereduak iraultzen ari den talde asko ari da sustraitzen gaur egungo euskal musikan.
Merina Gris ekarri dut hona, Izarorekin batera grabatutako eta bideratutako bideoklip
honetan ikusten eta entzuten den moduan egundoko indarra dutelako. Ohiko gitarren eta
instrumentuen aldean sintetizadoreek eta musika elektronikoak talde eta ekarpen berrietan
duten adibideetako bat da. Chill Mafiako Beñat Rodrigok egunotan aipatu du elkarrizketa
batean, 60ko hamarkadako euskal musikariek gaur egun gitarrarekin beharrean
ordenagailuarekin sortuko luketeela musika. Chill Mafia bera edota Kai Nakai dira horren
erakusle.

Beste estilo batean bada ere, azken asteotan asko entzuten ari naizen Hegazkin taldearen
(Iosu Isaias Villanueva Castro zarauztarra da abeslaria) lehen diskoa ere (Haize beltzak.
Mukuru, 2021) sintetizadoreekin egindako musikaren adibide bikaina da. Euskarazko trip-
hop ederra.