Bertso-sorta: 'Gabonetako argiak'

Felix Zubia zarauztarrak herrian duela gutxi jarri dituzten Gabonetako argiak izan ditu hizpide Bertsolari aldizkarian plazaratu duen bertso sorta berrian.

Santu Guztiak pasatu eta
Astea osatu gabe,
Gure kaleak kable mordoaz
Bete dira parez pare.
“Gabon argiak” esan didate
Egin dudanean galde,
Barru-barrutik erantzun diet
“erotuta ote gaude?”

 

Kanpaiak eta zuhaitz txikiak,
Oreinak eta ardiak,
Olentzeroren, Bizar Zuriren,
Buru eta aurpegiak.
Nola demontre jarri litezke
Garai honetan argiak?
Bonbiladunak ditugu baina
Ez dira oso argiak.

 

Asteburuan tren bat bueltaka
Ibili da kalez kale,
Gabon kantekin megafoniaz,
Ezin zuten egin kale.
Gabon garaian izanagatik
Halako kontuen zale,
Egutegia euren erara
Jarri nahi duten seinale.

 

Mirandaolan gaur Olentzero
Izan dute, goiztiarra,
Irakurtzean bururatu zait,
“Berriz ere, kaka zaharra”.
Ez dakit zer den, utzikeria,
Edo borondate txarra,
Hau da guztia garaiz baino lehen
Derrigor sartu beharra.

 

Egun normalik ezin du izan,
Gusturik ez da grisean,
Beti gabiltza zerbait ospatzen,
Errutinen ihesean.
Pozik nago ba egutegiko
Letra beltzen babesean,
Gaizto samarra galdera baina
Nor dago honen atzean?

 

Bi hilabetez Gabonak eta
Lau hilabetez udara,
Aste Santua eta zubiak
Ezin txokorako laga.
Alde batetik barregarria,
Beste batetik, ikara.
Kontsumoaren egutegian
Gustora erori gara.

 

Honek atzean duen mezua,
Ez bazara konturatu.
Festak ditugu, hartu txartela,
Erosi eta gastatu.
Azaroa da tristea eta
Behar dugu lurperatu,
Argiak martxan ditugu eta
Funtzioan parte hartu.

 

Argindarra garesti baina
Berria ez da iritsi,
CO2-aren isurketarik
Zertarako sortarazi.
Kontsumoaren kaltea zein den
Ez ote dugu ikasi?
Begirik ezin da itxi baina
Zuen poltsikoak itxi.