Etxe altuen gaineko hotsak

Iosu Isaias Villanueva 'Isuo' eta Alayn Carazo Hegazkineko kideak. (Aritz Ormazabal)

Hegazkin bikoteak 'Haize beltzak' estreinako diskoa argitaratu du, sintetizadoreak eta ahotsa oinarri hartuta. Kanta sentikorrak landu dituzte, poparen eta trip-hoparen bidez. Berria egunkarian argitaratu dute erreportajea.

Hegazkin taldearen bidea «soinu baten» bilaketa izan da. Sintetizadoreak eta ahotsa nahastu, eta elkarrekin musika sortzeko gogoz batu ziren Alayn Carazo eta Iosu Isaias Villanueva Isuo. Urtebete baino gehiago eman dute entsegu lokalean sartuta, han sortzen baitituzte kantuak, oinarritik hasi, ahotsaren melodiarekin segitu, eta hitzetaraino. Udan, Haize beltzak estreinako diskoa kaleratu dute, Mukuru zigiluarekin. Sei kantuz osatuta dago.

Bi musikariek 2018an ezagutu zuten elkar. Aurretik, Isuo zenbait taldetan aritu izan da: MKTn lehen, Txost taldean orain, eta bakarka eta Isuo ta Kezman bikotean urteetan. Biek azaldu dutenez, Carazok Eyharts taldearekin Urretxu-Zumarragako gaztetxeko (Gipuzkoa) Kubeats jaialdian jo zuenean erabaki zuten zerbait egin nahi zutela elkarrekin.

Carazo orain dela zazpi bat urte hasi zen sintetizadoreak erabiltzen; ordenagailuaren bidez lehenengo, eta sintetizadore modular fisikoekin ondoren. «Simian Mobile Disco taldearen bideo bat ikusi nuen, eta harrituta geratu nintzen: 'Zer da hau? Nola egin liteke musika horrela?'». Orduan egin zuen aldaketa. «Ordenagailuaren aldean, aukerak asko murrizten dizkizu; hainbeste, non detaile txikiei erreparatzen hasten zaren». Geroztik, haiekin soilik lan egiten du: «Gustatzen zait eskua sartzea eta nik egindako aldaketak momentuko eragin bat izatea soinuan; menuekin aritzea ez da gauza bera».

Hortik abiatu zuen Eyharts ikus-entzunezko proiektua, Jokin Guridirekin batera. Zuzeneko talde bat da: Carazok musika jotzen du, eta Guridik irudiak proiektatu. «Kantu batek lau minutu irauten du batzuetan, eta, beste batzuetan, hogei. Emozioaren arabera jotzen nuen, eta orain ikasi dut kantua beti berdin jotzen, taldean helburua aldatu egin baita».

Erreportajea osorik irakurri daiteke Berria.eus atarian.