44 milioi euroko aurrekontua izango du udalak datorren urterako

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 13a, 10:00
Osteguneko udalbatzarrean, aurrekontuak bozkatzeko garaian. (Aritz Mutiozabal)

EAJ eta PSE-EEren babesarekin aurrera atera dira "pandemia aurreko Zarautz" berreskuratzea helburu dituen Udal Aurrekontu Orokorrak. Oposizioko udal taldeek, EH Bilduk eta Podemos Equo-Berdeakek, proposamenaren aurka bozkatu dute, ez dielako "konfiantza ematen".

Hasierako onespena eman zioten atzoko ezohiko bilkuran Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) 2022rako udal aurrekontu proposamenari; EH Bildu eta Podemos Equo-Berdeak udal taldeek kontra bozkatu zuten. Hori horrela, Zarauzko udalak 44.034.184 euroko aurrekontua izango du datorren urterako, iaz baino ia zortzi milioi euro gehiago  (36.202.261 euro). "Larrialdi egoera aurretik Zarautzek eta zarauztarrok genuen gizarte dinamiko, solidario eta ekintzailea berreskuratu nahi dugu aurrekontu hauekin, eta aurrera begira, hobetzeko eta indartzeko", nabarmendu zuen Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jesus Aranak.

Aurten ezin izan dituzte auzoz auzoko bilerak egin, baina herritarren ekarpenak kontuan hartu dituztela zehaztu dute, herrian jarritako buzoien bidez, posta elektronikoz nahiz udalaren webgunean jasoko iritzien bitartez. "Herritarren beharrei erantzuteko, zerbitzuak mantendu eta hainbat kasutan indartuko dugu, eta, era berean, inbertsio publikoa nabarmen igoko dugu", nabarmendu zuen Aranak.

Diru sarrerei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen den Foru Funtsa igo egin da azken urteetan, eta 2022rako 17,6 milio euroko kapilutua aurreikusten dute. Era berean, ordenatza fiskalak %1,4 igo dituzte orokorrean, urtebete izoztuta egon ondoren. Bestalde, 10,2 milioi euroko kanpoko finantziazio bat ere aurreikusten du Udal Gobernuak, "teknikoki beharrezkoa den kopuru bat eta horrela ulertzen duguna".

Gastu politiken argazkia egiterakoan, iaz bezala, gizarte politikak, kultura eta kirolari garrantzia handia eman nahi izan dio Udal Gobernuak, nahiz eta etxebizitza eta hirigintza den gastu gehien duen atala, ia 8 milioi euroko gastuarekin. Hala nola, gizarte politiketara 5 milioi euroko gastua bideratuko da (biztanleko 217 euro), kulturara, 5,2 milioi (225 euro biztanleko) eta kirol arlora, berriz, 3,7 milioi euro (160 euro biztanleko).

 

Inbertsioetan igoera

Inbertsioen kapitulua nabarmen igo dutela zehaztu du Ogasun zinegotziak: guztira, 7 milioi euro bideratuko dituzte horretara. Herrigintza, ingurumena, lanpostuak sortzea, bertako merkataritza eta gizarte politikak izango dituzte helburu inbertsioek, Agenda 2030eko helburuekin bat. "COVID-19ak sortutako egoeratik indartsu ateratzeko diseinatu ditugu, zerbitzuak indartzeko, dirulaguntzak bultzatzeko eta era guztietako ekitaldiak sustatzeko", azaldu zuen Aranak

2022rako aurreikusten dituzten inbertsio nabarmenen artean ondorengoak aipatu zituzten: Santa Klarako komentua erosteko, 1,2 milioi euro; haur parkeak berritzeko, 603.000 euro; Errotaberri industrialdean ekonomia eta industria sustatzeko, 550.000 euro; komun autogarbitzaileen sarea osatzen amaitzeko, 480.000 euro; asfaltatze lanetarako, 400.000 euro; Musika Eskolako eraikina erosteko azken zatia ordaintzeko, 364.000 euro; Merkatu plaza eraberritzeko, 350.000 euro; ondarea mantetzeko ­ Ebro Etxea (267.000 euro) eta Villa Mundako torreoia (205.000 euro)­; hainbat udal lokal egokitzeko, 250.000 euro; Vista Alegre goiko igogailurako, 205.700 euro; Astiko kantina, 200.000 euro; berrurbanizorako, 200.000 euro; kale argaiztapenerako 150.000 euro; Zelai Ondoko bolatokia estaltzeko, 150.000 euro; Maria Etxetxiki zentroan hainbat konponketa lan egiteko, 120.500 euro.

PSE-EE alderdiak boto partikularra aurkeztu zuen osteguneko bilkuran, nahiz eta Udal Gobernuko kide izan. Hitza hartu zutenean, Gloria Vazquez bozeramaileak atzera botatzen zutela botoa jakinarazi zuen. Aurrekontuan Irita hezegunearen berreskurapen proiekturako partidarik ez zen jaso hasieran, baina EAJrekin akordio batera iritsi zirela azaldu zuen Vazquezek, eta 500.000 euro bideratuko zirela horretara.

Oposizioaren ezetza

Osposizioko udal taldeak kezkatuta agertu ziren Udal Gobernuak aurkeztu zituen aurrekontuekin. EH Bilduko bozeramaile Itziar Muruak argi adierazi zuen koalizioari ez diola “inolako konfiantzarik” ematen proposatu zaizkien zenbakiak: "Sarrerak osatzeko 10 milioi euroko kreditu bat proposatzen duzue aurrekontuan, nahiz eta batzordean esan zeniguten egiaz ez dela planteatzen eskatzea. Hori horrela izanik, hiru aukera ikusten ditugu: aurrekontuan jarri duzuen guztia ez duzue erabiliko -beste modu batera esanda, aurrekontu hauek ez dira errealak-, edo 10 milioi horiek gerakinetik erabiliko dituzue, edo kreditua eskatuko duzue eta udalaren zorpetzea handitu egingo litzateke. Posible da hiru horien nahasketa bat ere izatea".

Horrez gain, "oinarrian zerbaitek huts" egiten duela ere kritikatu zuen Muruak, "gastu arrunta sarrera baino 3 milioi handiagoa" delako. Zentzu horretan, "gutxi gorabehera" eginiko aurrekontuak direla iritzi dio EH Bilduk.

Podemos Equo-Berdeak taldeko ordezkari Oihane Delgadok "prisma ezberdinetatik" begiratzen dutela erantzun zion Aranari. Bere iritziz, aurrekontuko 44 milioi euro horietatik oso gutxi inbertituko da datorren urtean kulturan, euskaran, hezkuntzan, gaztedian eta kirolean. “"Zoritxarrez, ezin dugu hori onartu", adierazi zuen.