"Gizartearen ordezkariok erantzukizuna dugu gertatutakoa ez dadin ahaztu"

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 14a, 15:40

Joan den asteazkenean, azaroaren 10ean, Memoriaren Eguna izan zen, eta, horren harira, Zarauzko Udalak gaur eguerdian egin du ekitaldia Arrosategi parkean. Udal talde politiko guztietako ordezkariak bertan izan dira, hainbat herritarrekin batera. Bost minutuko isilunearen ondoren, lore eskaintza egin dute eta, jarraian, memoriaren liburuan idazteko aukera izan dute.

Isilunearen aurretik, Xabier Txurruka alkateak hartu du hitza udalaren izenean, eta nabarmendu du "memoriaren espazio honetan indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratzeko eta aitortzeko" elkartu direla gaurkoan. "Biktimak ezin dira ahaztu eta gizartearen ordezkari garenok erantzukizuna dugu gertatutakoa ez dadin ahaztu", azpimarratu du.

Ekitaldian elkartu diren udal ordezkari guztiak helburu berarekin bat egin dutela azaldu du: "Bizikidetza eta elkarbizitza indartu, motibazio politikoaren biktima guztiei gure elkartasuna helarazi, eta egia, justizia eta erreparazioaren alde lan egitea". Azken finean, "berriz ez errepikatzeko".

Gloria Vazquez bigarren alkateordeak, jarraian, hitzartze bera egin du gaztelaniaz.