Ikerlari gazteen erakusleihoa

Zientziaz Blai ekimenaren bosgarren edizioko artxiboko irudia.

Zientzia proiektuetan murgilduta dabiltzan lau gazte zarauztarrek beraien lanak plazaratuko dituzte gaur Zientziaz Blai ekitaldian. Xabier Uribe-Etxeberria izango da saioko gonbidatu berezia.

Zientziaz Blai jardunaldia antolatu du beste urte batez ZarautzOn elkarteak. Iazko etenaren ostean, ohiko formatuari eutsiko dio zientziaren dibulgaziorako lanean diharduen taldeak. Hala, lau gazte zarauztar igoko dira gaur Modelo aretoko agertokira, eta bakoitzak bere ikerketa esparruaren edota proiektuaren inguruko azalpenak emango ditu. 19:00etatik aurrera, Lore Zumetaren, Fermin Alvarezen, Joshua Garcia-Herranzen eta Eneko Azkueren azalpenak entzuteko aukera izango da. 

Esparru ezberdinetan dihardu lanean bakoitzak, beraz, Modelora bertaratzen direnek honako alorrez gehiago jakiteko beta izango  dute: lesioen prebentzioan aplikatutako estatistika, itsas mailaren aldaketa Atlantikoko kostaldeetan, bale ehizaren ondorioak eta sorbeltzen beharretara egokitzeko berrikuntzak, hain zuzen ere.


Ohorezko gonbidatua

Gaurko jardunaldian parte hartuko du mundu mailan punta-puntako teknologiak garatzen diharduen Xabier Uribe-Etxeberriak. Bilbotarra den arren, lotura estua dauka Zarautzekin. Besteak beste, enpresen funtzionamendua bizkortzeko pribatutasuna zaintzen duen Sherpa.ai adimen artifiziala garatu zuen, eta egun Erandion (Bizkaia) eta Silicon Valley-n (AEB) ditu egoitzak.

Berrikuntza teknologikoan lan handia egin izan du Uribe-Etxeberriak, eta adimen artifizialeko patente bat baino gehiago lortu ditu. 

Gaur arratsaldeko saiorako sarrera doakoa izango da, eta bertara joan ezin dutenek ere izango dute online zuzenean  ikust

eko aukera, ZarautzOnen streaming bidezko plataforman –esteka eskuragarri dago ZarautzOnen web orrialdean eta Zarauzkohitza.eusen–.

 

Matematikan graduatua (EHU) eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboko masterduna (UPC-Bartzelonako Unibertsitatea). Gaur egun doktoregaia da BCAM ikerketa zentroko Estatistika Aplikatua taldean.

 

Fermin Alvarez geologoa da, eta Dublingo Trinity Collegen doktoretzan ari da. Irlandako plataforman Atlantikoko aldakortasunaren behaketaren inguruan garatzen ari da bere proiektua.

 

Biologian graduatua Leongo Unibertsitatean, eta Galesko Bangor Unibertsitatean Itsas ornodunen Zoologiaren lizentziatua eta Itsas Kontserbaziorako Masterra Oviedoko Unibertsitatean. Zientzia- dibulgaziorako Marina Life Project plataforma sortu du.

 

Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko teknikaria da Eneko Azkue, eta Arkamurkako kidea ere bai. Oteiza Lizeoan hegaztien migrazioa eta inkubazioa monitorizatzeko adimendun habia instalatuko du; sorbeltzena, hain justu ere.