«BCAM ikerketa zentroko Estatistika Aplikatua (AS) taldean doktoretza tesia egiten ari naiz, eredu estatistikoen garapen eta balidazioaren inguruko ikerketan. Horien aplikazioa kirol lesioetara bideratuta dago, futbolean gertatzen direnetara bereziki, eta, horrela, lesio mekanismoa hobeto ulertzea bilatu nahi dugu.
Lesioa gertaera multifaktoriala da, hau da, hainbat faktorek eta horien elkarrekintzek parte hartzen dute. Estatistikak arrisku faktoreak identifikatzen lagun dezake, baita aurreikuspenak egiten ere, ziurgabetasun maila batekin lotuta.
Hori horrela, hiru helburu nagusi ditu tesiak. Batetik, metodologia estatistikoa garatzea, lesio kargak eta lesio intzidentziak modelizatuta.
Bigarrenik, software librearen garapena egin nahi da, garatutako metodoak kodean inplementatuz eta analisi estatistikoetan ohikoak diren zenbait urrats sistematizatuz.
Azkenik, garatutako metodoak futboleko lesioen inguruko datu errealetan aplikatzea da asmoa, kirol medikuntzaren eta lesioen prebentzioaren testuinguruan».