Joshua Garcia-Herranz: "Babeserako politikarik ezak eragindako kalteak agerian jarri ditugu"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 16a, 09:02

Biologian graduatua Leongo Unibertsitatean, eta Galesko Bangor Unibertsitatean Itsas ornodunen Zoologiaren lizentziatua eta Itsas Kontserbaziorako Masterra Oviedoko Unibertsitatean. Zientzia- dibulgaziorako Marina Life Project plataforma sortu du.

"Zientziaz Blai jardunaldian Galesen dagoen Bangor Unibertsitatearen eta Ingalaterra Berriko (Ameriketako Estatu Batuak) Aquariumaren arteko elkarlan batean egin nuen ikerketa baten emaitzak azalduko ditut. Balea arrantza izan genuen aztergai ikerketa horretan.

Balearen ehiza komertziala Bizkaiko Golkoan hasi zen XI. mendean, eta euskaldunak izan ziren arrantza mota hori garatzen lehenak. Desiratutako espeziea, olio eta haragi askokoa, sardako balea edo euskaldunon balea zen. 

Ehiza ohiturak zabaldu, eta XVIII. menderako espeziea Ipar Atlantiko osoan ehizatzen zen. Ehiza urte horien ondorioz, aldatu egin dira sardako balearen populazioaren hainbat ezaugarri ekologiko. 
Gaur hizpide izango dudan ikerketa lan honen bitartez, baleen populazioan gertatutako aldaketa horiek identifikatu ditugu. Horretarako, ehiza hasi baino lehen zegoen balea populazioa zenbatekoa zen estimatu dugu, eta balea horiek babesteko politika zehatzik ez aplikatu izanak urteen poderioz eragin dituen kalteak erakusgai jarri ditugu".