Fermin Alvarez: "Itsas mailaren igoera ez da homogeneoa mundu osoko kostaldeetan"

Fermin Alvarez geologoa da, eta Dublingo Trinity Collegen doktoretzan ari da. Irlandako plataforman Atlantikoko aldakortasunaren behaketaren inguruan garatzen ari da bere proiektua.

«Itsas mailaren igoera aldaketa klimatikoaren ondorio bortitzenetako bat da, eta ondorio zuzenak ditu lurrazaleko kostaldeetan. Lanean ari naizen tesiaren helburua da Atlantikoko kostaldeetan azken mendeetan zehar itsas mailak izan dituen aldaketak berreraikitzea, egun gertatzen ari den igoera ulertzeko eta datozen hamarkadetakoa aurreikusteko. 

Klima aldaketaren ondorioz, mundu osoko itsas maila gora doa gero eta azkarrago, baina bilakaera ez da homogeneoa mundu osoan. Aldaketak tokiko baldintza klimatikoen eraginpean dauden prozesuen araberakoak dira. Datozen hamarkadetako itsas mailaren igoera iragartzeko eta kalteak gutxitu ahal izateko, beharrezkoa da, beraz, eskala ezberdinetan prozesu horiek itsas mailaren aldaketetan duten eragina definitzea. Hori iraganeko itsas maila aldaketak berreraikiz egin daiteke, baina azken urteetako bilakaera ez da ondo ezagutzen. 

Lanean dihardugun azterketaren bidez, itsas mailak Atlantikoko kostaldean (AEBetan eta Irlandan) azken mendeetan izan duen bilakaera ikertu ahal izango dugu».