Eneko Azkue: "Sorbeltzak aztertzeko habia kutxa berezi bat sortu dugu"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 16a, 09:31

Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko teknikaria da Eneko Azkue, eta Arkamurkako kidea ere bai. Oteiza Lizeoan hegaztien migrazioa eta inkubazioa monitorizatzeko adimendun habia instalatuko du; sorbeltzena, hain justu ere.

"Sorbeltzak gure artean txitatzen duten hegazti transahariar urbanoak dira, eta gure etxe, eliza edota bestelako eraikinetako zirrikituak erabili ohi dituzte habiak egiteko. Sorbeltzak oso hanka motzak ditu eta hego luzeak, beraz, lurrean pausatzerakoan ez litzateke hegan altxatzeko gai izango. Hori dela eta, bizitza guztia hegan egiten dute: jan, edan, ernaldu eta lo egin, besteak beste. Pausatzen diren momentu bakarra habiara joateko momentua da.

Oso bizitza baldintzatua dute, eta habiak egiterakoan aukeraketa selektiboa egin behar dute, baina gero eta habia zulo gutxiago dituzte, etxeak zaharberritzean zuloak tapatzen dituztelako. Arazo horri alternatiba emateko, habia kutxak egin nahi ditut, herrian zehar ipini eta betiko habiak egiteko tokiak izan ditzaten.

Horren harira, habia kutxa berezi bat sortu dugu, kamera eta sentsore batzuekin, sorbeltzek  egonaldian zehar egingo dituzten joan-etorriak monitorizatzeko. Horrela, sorbeltzen fenologiaren eta biologiaren hainbat datu jaso ahalko ditugu, eta herritarrak espezie honek dituen arazoen inguruan hezi eta kontzientziatu ahal izango ditugu".