'Zarautz, Harrera Herria, Denon Herria' izenburupean, ekitaldi sorta antolatu dute hainbat elkartek

Dantza ikuskizun bat, bi dokumental eta migrazioen inguruko hitzaldi bat antolatu dituzte elkarteek, udaleko Immigrazio Sailarekin elkarlanean. 

Itsas Salbamendu Humanitarioak, Zarauzko Koordinadora Solidarioak, Zarautz Onek eta Frantziskotarrek bat eginik, ekitaldi sorta prestatu dute datozen asteetarako. Udalaren Immigrazio Sailaren babesarekin, atzo aurkeztu zuten prentsaren aurrean Zarautz, Harrera Herria, Denon Herria ekimena. Lau ekitaldiz osatutako egitasmoa izango da, eta horietako bakoitzeko ordezkariek hartu zuten hitza atzoko aurkezpenean. 

Iñigo Odriozola Frantziskotarretako ordezkariak Aztarnak dantza ikuskizunaren berri eman zuen. COVID-19 kutsatze batzuk tarteko, udaberrira atzeratu behar izan dute emanaldia, baina Odriozolak aurreratu zuen musika, ahotsa eta dantza batzen dituen emanaldia izango dela. Baobab Nafarroako konpainiaren eskutik, "kultur identitateen eta sentimenduen arteko topaketa" izango da ikusgai Modeloko oholtzan, Afrika ardatz hartuta. Aurrerago jakinaraziko dute emanaldiaren data zehatza. 

Abenduaren 2an, Aita Mari dokumentalaren aurrestrenaldia izango da Zarautzen, Modelo aretoan. Javi Juliok zuzendu du dokumentala, eta Aita Mari erreskate ontziaren sortze prozesua eta beren jarduna azaltzen ditu. Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak azaldu zuenez, barkua egokitzeko auzolana, testuinguru politikoa eta errefuxiatuen egoera lantzen dira ikus-entzunezkoan. Abenduaren 3tik aurrera eskainiko dute filma gainontzeko aretoetan, eta pozarren agertu zen Mijangos aurrestreinaldia Zarautzen egiteko aukera izango dutelako.

Zarautz On elkarteak ere hitzaldia antolatuko du Zarautz, Harrera Herria, Denon Herria egitasmoan. Ana Belen Juaristi elkarteko kideak jakitera eman zuenez, Miguel Pajares Alonso antropologian doktorea eta biologoa izango da Zarautzen abenduaren 14an, eta Migrazioak eta klima aldaketa hitzaldia eskainiko du, gaztelaniaz. Emanaldia 19:30ean izango da, Modelo aretoan.

Azkenik, abenduaren 16an, Marokotik Europara bidaiatzen duten adin txikikoen errealitatea azaltzen duen Vidas menores filma ikusteko aukera izango da. Zarauzko Solidaritate Koordinadoraren eskutik, Alfredo Torres Calles filmaren zuzendaria Modelo aretoan izango da egunean bertan, eta amaieran harekin hitz egiteko eta galderak egiteko aukera izango dela jakitera eman du Maite Pardina koordinadorako ordezkariak.

Erlazionatuak