Barren plazan hesiak ipini ditu udalak, jende pilaketak saihesteko

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 19a, 12:46
Gaur goizean ipini dituzte hesiak Barren plazan. (Amaia Urbieta Arruti)

Datozen egunetarako aurreikusita dauden kaleko ekitaldietan musukoa jantzita eramateko eskatu du Xabier Txurruka alkateak, eta jendeari arduraz jokatzeko eskatu dio.

COVID-19aren hedapena azken asteetan edukitzen ari den igoeraren harira, hilaren 17an Eusko Jaurlaritzak zenbait eskakizun eta gomendio egin zizkien 150eko intzidentzia tasa baino altuagoa duten udalerrietako Udal Gobernuei. Azken datuen arabera, Zarautzen 355ekoa da intzidentzia tasa, eta Jaurlaritzaren gomendioei jarraiki, erabakiak hartzeko bildu da COVID-19aren harira sortutako udalaren krisi gabinetea.

Xabier Txurruka alkateak prentsari jakinarazi dionez, jende pilaketak gertatzen diren gune zehatz bat identifikatu dute: Barren plaza. Taberna ugari daude bertan elkarrengandik oso gertu, eta poteo garaian jende asko biltzen da. Hori kontuan hartuta, hesiak ipini ditu udalak plazaren barrukaldean pilaketa horiek saihesteko.

Atzo bildu zen alkatea plazako ostalariekin neurriaren berri emateko, eta bere arabera, ulertu dute tabernariek udalaren erabakia. Establezimenduetako terrazek eta beladoreek bere horretan jarraituko dute. Plazako tabernariek HITZAri jakitera eman diotenez, ulertzen dute oso zaila dela pilaketak kudeatzea, baina hesitutako tokian ez bada, jendea beste leku batzuetan pilatuko dutela uste dute. Hori saihestea "norberaren esku" dagoela ere esan du tabernari batek.

Gainontzean, aldaketarik ez

Datozen egunetarako antolatuta dauden ekitaldien inguruan ere hitz egin du alkateak gaurko prentsaurrekoan, baina, momentuz, mantendu egingo dira Xexili eguneko eta erraldoi eta buruhandien kalejirak. Hori bai, herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die, eta ekitaldietan musukoa soinean eraman beharko dela gogorarazi du, metro eta erdiko distantziarik mantendu ezin bada.

Abendura begira aurreikusten diren ekitaldiei dagokienean –Erdi Aroko azoka, Gabonetako ekitaldiak– momentuz ez du erabakirik hartu udalak, eta kutsatzeen bilakaeraren arabera aztertuko dute egoera. Barren plazako hesiak bertan noiz arte egongo diren ere ez du zehaztu alkateak, hori ere gaitzaren bilakaeraren araberakoa izango baita.