EH Bildu: "Partxeak jartzeari utzi eta, behingoz, trena lurperatu behar da Zarautz batzeko"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 19a, 14:25
(Zarauzko Udala)

Tren geltokiko obra berrien harira sortu den gatazkak tenbidea lurperatzearen gaia mahaigaineratu du EH Bilduren arabera. EAJri eskatu dio auzi horrekiko duen jarrera argitzeko, "jokatzeko modu ilun eta anbiguo hauek alde batera utzita".

Trenbidea lurperatzearen auzia "mahaigaineratu" egin da Zarauzko EH Bilduren arabera, tren geltokiaren obra berrien eta Mitxelena kaleko zarauztarren kezkaren harira. Azaldu dute harremanetan daudela Mitxelena kaleko auzotarrekin eta babesa adierazi diete. Euskal Trenbide Sarearen aginduz trenbideko lanen komunikatzaileekin adostuta zituzten bi bilera "bertan behera" geratu direla ere jakinarazi dute.

Udal taldeak "beti trena lurperatzearen alde" egin duela jakinarazi du, eta 2011-2015 agintaldian, EH Bildu Udal Gobernuan egon zenean, "hori egia bihur zedin pausoak" eman zituela. "EH Bilduren ustez, trenbidea lurperatzeak Zarautz batuago, justuago, irisgarriago eta bizigarriagoa ekarrriko du", adierazi dute.

Gaurko Udal Gobernuak proiektu hori "hiltzen utzi" duela azaldu dute. "Horren adierazle dira lurperatzearen azterketarako dirurik bideratu ez izana edota trenbidea betikotu dezaketen proiektuak martxan jarri izana. Eurentzat, Zarautz bitan zatitzen duen trenbidea lurperatzea ez da beharrezkoa".

Horren aurrean, udal taldearen jarrera "argia" dela diote: "Arazoari konponbiderik ematen ez dioten partxeak jartzeari utzi eta, behingoz, trena lurperatu behar da Zarautz batzeko". EAJri "epe laburreko begiradarekin" gobernatzea egotzi diote, "dirua xahutuz eta arazoari konponbide integrala eman gabe". Bestalde, EAJk trenbidea lurperatzearen inguruan duen jarrera argitu beharko lukeela ere iritzi dio EH Bilduk, "jokatzeko modu ilun eta anbiguo hauek alde batera utzita". Amaitzeko, jakitera eman dute EH Bilduk zarauztarrekin "lanean" jarraituko duela "trenbidea lurperatu eta Zarautz batzeko".