Hasiera bereko bi istorio desberdin

Azaroak 20 ditu gaur. Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna da,  Jose Manuel Herreroren eta Maritxu Amenabarroren istorioak plazaratzeko egun aproposa. 81 urte egitear da Herrero zarauztarra, eta 22 ditu aiarrak. Biek haurtzaro gogorra eduki zuten, baina ñabardura handia dago bataren eta bestearen artean: argi-izpirik ez zen egon Herreroren haurtzaroan; bai, zorionez, Amenabarrorenean.

Maitasunik gabeko haurtzaroa

Bere istorioa zergatik kontatu nahi zuen galdetuta, isilik egin ditu segundo batzuk Jose Manuel Herrero Tejedorrek (Zizurkil, 1941), baina jarraian, begietara begiratu, eta esan du nahi duela gizarteak jakitea zer gertatu zitzaion berari, eta aldarrikatu nahi duela eskubiderik ez dagoela ume bati halakorik egiteko. “Nirekin jarrera ona izan behar zuten helduek ez zuten eduki, eta oraindik hemen nago. Horixe esan nahi dut. Ez gorrotoz edo ezer ordainean jasotzeko asmoz, soilik aldarrikatzeko. Babestu behar nindutenek ez zuten egin: ez gurasoek, ez gurasordeek, eta ez dago horretarako eskubiderik”.

Ezagutu ez zuen amaren abizenak dira Herrero Tejedor. Aita Donostian Mexikoko kontsula zela azaldu du, eta inoiz ez zuela berataz ezer jakin nahi izan hark. Usurbilgo baserri batean hazi zen, eta herriko beste umeengandik jakin zuen Zizurkilgo Fraisoro umezurztegian jaio zela eta handik ekarri zutela baserrira bere gurasordeek txikitan, 2 urterekin. “Beste umeek iseka egiten zidaten horren harira”.

Aldundira jo zuen 16 urterekin, erakunde hori zelako Fraisoroko kudeatzailea eta urtero dirua ematen ziena umeak Fraisorotik adoptatzen zituzten familiei. “Ezin nuen gehiago jasan baserrian. Beti tratatu izan ninduten gaizki. Jaten besteei baino gutxiago ematen zidaten, barruko arroparik eta galtzerdirik ez nuen ezagutu, ezta aldatzeko arroparik ere. Gizonek bezala lan egin, baina inoiz zentimo bat ez zidaten eman, ezin lagunekin ezer egin...”. Hori guztia salatu zuen aldundian. “Egunero erabiltzen nituen arropekin joan nintzen, ikus zezaten zein egoeratan nengoen. Eta argi esan nien, ez nuela baserrira itzuli nahi. Arantzazura fraile joan nahi nuela esan nien”. Erantzuna berehala eman zioten. “Etxera joateko esan zidaten, eta hurrengo egunean, halako ordutako trena hartzeko Arantzazura joateko”.

Baina azken egun hura ez zuen gurasordeekin igaro. “Joko ote ninduten beldur nintzen, eta izeba baten etxera joan nintzen. Gurasordeek zentimo bat ere ez zidaten eman hurrengo eguneko trena ordaintzeko, ezta arroparik ere. Hori egin egin behar da... Esku hutsik atera nintzen baserritik”.

Arantzazun zela, amaordeak deitzen omen zien fraileei semearen kontra egiteko. Etxera eskutitza idazteko esaten zioten horiek, baina berak erantzun, idazten ez bazuen, zerbaitegatik izango zela. Dena den, Arantzazuko garaiez oroitzapen onak ditu. “Jaungoikoari eskerrak, ikasi egin nuen han, eta baita lan egin ere;  Julian Otxoa anaiari sukaldean laguntzen aritzen nintzen, gustura gainera, jatorra zen gizona. 18 urte nituenetik, sukaldeko fraile nagusia oporretara joaten zenean ni aritzen nintzen sukaldari 15 egunetan, ia 200 lagunentzako otorduak prestatzen”. Fraileak pozik ikusita, baita bera ere. “Gauza ederrak prestatzen nituela esaten zidaten, nik aldatu egiten bainuen jatekoa. Haragi gisatuarekin albondigak egiten nituen, edo kroketak, xerrak...”.

26 urterekin atera zen frailetzatik, eta sukaldaritza izan zuen ofizio erretiroa hartu arte. Hainbat jatetxetan aritu da lanean, baita itsasontzietako sukaldeetan ere, hamar urte inguruz. Bikoterik eta seme-alabarik ez du izan inoiz, eta kuadrillarik ere ez du osatu. Bizitzan bakarrik egotea tokatu zaio, nahiz eta azken urteetan berotasun pixka bat baduen. 30 urte baino gehiago daramatza bizitzen Zarautzen, azken urteak adineko egoitzako pisu tutelatu batean. “Neure etxea utzi eta egoitzara etorri nintzen, laguntza pixka bat behar nuelako. Zortea izan dut hona etortzearekin, hemen sentitzen dut berotasun pixka bat”.

81 urte abenduaren 14an beteko ditu, eta heriotzarekin ere akordatzen da. "Hiltzen naizenean nire errautsak itsasora botatzea nahiko nuke, Zarauztik Getaria aldera, baporeak eta ibiltzen diren tokira". Gurasoei, benetakoei nahiz ordekoei, barkatu dien galdetuta, esan du gorrotorik ez duela, baina barkamena beraiek eskatu beharko luketela. “Gurasoak horrelakoak badira, ez izanda hobe. Hasieratik tratu txarra eman zidaten; hortaz jabetu nintzen. Diputazioak dirua ematen zien ni han edukitzearren, eta horregatik eraman ninduten”.

Aldian-aldian, Fraisorotik familietara ikuskatzaileak joaten ziren umeen egoera ikuskatzera, eta Herrerok azaldu du egia dela hori, baina bere baserrira inoiz ez zela iritsi ikuskatzailerik, berak dakienez. “Nik ez dut gogoan inoiz inor joan zenik aldunditik. Ni inork ez ninduen entzun sekula, neu aldundira joan nintzen arte”.

Bigarren aukera Maritxu eta Ainararentzat

Zorionez, gauzak asko hobetu dira ordutik umeen babesari dagokionez. Eta, horren adibide, Maritxu Amenabarroren eta Aitor Iruretagoienaren testigantzak. Oraindik zer hobetua dagoela aitortzen duten arren, aldundiaren harrera familia programaren alde egin dute biek.

6 eta 12 urte zituzten Maritxu eta Ainara Amenabarrok gurasoengandik banandu zituenean aldundiak. Azken aukera izaten da hori, umeak babesteko beste erremediorik ikusten ez denean. "Behin horretara iritsita, oso zaila izaten da haur horiek egunen batean bere jatorrizko familietara bueltatzea", azaldu du Iruretagoienak.

Bi ahizpak etxe tutelatu batera eraman zituzten, eta han bizi izan ziren bi urtez haur gehiagorekin. Orduan, Iruretagoienak harreran hartu zituen. Umeek gurasoak ikusten jarraitu zuten, beti aldundiko hezitzaile baten begiradapean. Dena den, Maritxuk 17 urte egin arte ez zuten elkar ezagutzerik izan Iruretagoienak eta gurasoek. "Umeen aitak ez zuen ondo hartu ertzainek haurrak etxetik eramatea inolako azalpenik gabe. Aldundira joan eta iskanbila ederra sortu zuen. Horregatik erabaki zuten oldarkorra zela eta badaezpada ezin zuela jakin nor nintzen ni, non bizi ginen eta zer eskolatara joaten ziren alabak", esan du Iruretagoienak.

Iruretagoienak ez du aldundiaren iritzi bera, ordea. "Nik ere iskanbila sortuko nukeen haurrak horrela kendu izan balizkidate, normala da egin zuena". Dena den, badaki ez dagoela umeak gurasoengandik banantzeko modu egokirik. Maritxu ez dator Iruretagoienarekin bat: "Ez dago modu egokirik, baina gurasoei azalpenak eman behar zaizkie, eta lagundu", esan du.

Harreman naturala, gertukoa, polita nabari da Amenabarroren eta Iruretagoienaren artean. Ez dio aita deitzen, berak baduelako aita lehendik, baina "babesa, maitasuna, berotasuna" eman dizkio Iruretagoienak. "Dena ez da polita eta erraza izan. Nire helburua zen Ainarari eta Maritxuri bizitzan aurrera egiteko oinarri bat ematea, eta askotan ez nekien ondo ari nintzen ala ez, asmatzen ari nintzen ala ez. Orain, Maritxuk egin du karrera, eta Ainara autonomoa da, eta harro sentitzen naiz", aitortu du.

8 eta 14 urterekin iritsi ziren Aiako baserri batera bi ahizpak. "Ni oso-oso pozik nengoen. Aitor ezagutu nuenean, segituan konturatu nintzen pertsona egokia zela. Esan nuen, 'hau bai'. Eta hasieratik moldatu nintzen ondo berarekin eta baita baserrian ere, animaliekin eta", gogoratu du Amenabarrok. Nerabezaro betean zen ahizpa zaharrena, eta harentzat gogorragoa izan zela esan dute.

Harrera familiaren sistemari ikusten dizkiote hobetu beharrekoak, eta biek azpimarratu dute guraso biologikoekiko jokatzeko modua hobetzekoa dela. Zentzu horretan, Iruretagoienak oso argi dauka harrera familiak onartu eta errespetatu egin behar dituela guraso biologikoak, "besterik ez bada ere umeen hobebeharrez", nabarmendu du. Amenabarrok asko eskertzen dio hori Iruretagoienari. "Urteak pasa ditu nire gurasoak ezagutu nahian, eta nik 17 urte nituenean utzi zioten, azkenean. Denok eraman izan gaitu bazkaltzera, eta inportantea da jarrera hori", esan du.

Askotan zaila da haurrak zaintzeko ezintasuna duten gurasoen tokian jartzea eta haien sentimenduei erreparatzea. Iruretagoienak bihozak hunkitzen dituen zerbait esan du horri buruz: "Ume hauen amak berarekin bildu naizen guztietan, guztietan, eman dizkit eskerrak bere alabak zaintzearren".

"Ni nire nahi bat betetzearren apuntatu nintzen harrera familia programan. Familia osatu nahi nuen, eta aukera ona iruditu zitzaidan hori. Egoera berean daudenak animatu nahi ditut harrera familia izatera. Beren desioa beteko dute, eta beharrean dauden ume batzuei lagunduko diete", esan du Iruretagoienak.

Harrera familiaren datuak Urola Kostan

Indarrean dauden familia-harrerak:

Gipuzkoan: 317
-302 adingabeko familia boluntarioan (96 familia zabaletan, 8 hurbileko familietan eta 198 besteren familietan)
-15 adingabeko familia espezializatuetan
-Gainera, 18 eta 23 urte bitarteko 81 gaztek familia harreragileekin bizitzen jarraitzen dute, eta
emantzipatzeko programa batean parte hartzen dute.

Urola Kostan familia harrerak: 40
-Aia: 2
-Aizarnazabal: 1
-Azkoitia: 5
-Azpeitia: 7
-Orio: 1
-Zarautz: 13
-Zestoa: 4
-Zumaia: 7

Egoitza-harreran dauden haurrak eta nerabeak: 396.

Harrera-familia baten zain dauden haurren eta nerabeen profilak:
- Askotariko adinak (haurrak izatetik nerabezarora arte)
- Bakarrik edo anai-arreben taldeak
- Bizitza-istorio konplexuekin, egonkortasuna, kalitatezko zaintza, laguntza eta estimulazioa
emango dien ingurune bat behar dute, beren potentzial guztia garatu ahal izateko.

Familia harreragile espezializatua behar dutenen kasuan:
- Kualifikazio handiagoa eskatzen duten premiak dituzte (garapenean atzerapenak, zailtasun
emozionalak, jokabide zailtasunak, osasun arazoak, desgaitasuna).
- Harreragile espezializatuak denbora izan behar du dedikazio osoa eskaini ahal izateko,
erantzukizun profesionalak dituen lantalde batean integratzeko.

Harremanetan jartzeko bideak

Borondatezko familia harrerako programa: 943-45 77 40 - familiaharrera@gipuzkoa.eus
Familia harrera espezializatuko programa: 943-54 44 97 – PAFE@agintzari.com
Gipuzkoako Harrera Familien Beroa Elkartea: 943-245 604 asociacionberoa@asberoa.com www.asberoa.com
Informazio gehiago: www.gipuzkoa.eus