Zarauzko Musika Bandak kontzertua emango du bihar

Santa Zezilia eguneko kontzertua eskainiko du Zarauzko Musika Bandak bihar, igandearekin, Merkatu plazako lehen solairuan, 12:30ean. Pandemia egoera dela eta, denen segurtasuna bermatze aldera, murriztu egin dute edukiera eta sarrera kontrolatua izango dela azaldu dute.

Bertaratu nahi dutenek kontzertua hasi baino hamabost minutu lehenago zabalik topatuko dituzte ateak, eta txartel bidez sartu ahal izango dute. Edukiera betetzean, atea itxiko dute.

Iosu Isastiren zuzendaritzapean, bost pieza eskainiko dituzte Musika Bandako kideek bihar: Second Suite For Military Band (Gustav Holst), Las ruinas de Atena (Beethoven), Kaitiuska (Pablo Sorozabal), Moment for Morricone (Ennio Morricone), Festa Paesana (Jacob de Haan). Denera, 50 minutu inguru iraungo ditu kontzertuak.