Nazare Tow Surf Challenge txapelketan aritzeko txartela eskuratu du Axi Muniainek

(Rafael Riancho)

Baldintza metereologiko egokienak daudenean egingo dute lehia, eta oraindik ez dute data zehatza iragarri. Francisco Porcella italiarrarekin osatuko du taldea Muniainek.

Nazare Tow Surf Challenge olatu handien txapelketa jokatzekotan dira laster, nahiz eta oraindik ez duten data zehatzik iragarri. Bertan lehiatzeko txartela eskuratu du Axi Muniain surflari zarauztarrak, beraz, iaz bezala, Portugalgo uretan izango da laster, aurten Francisco Porcella italiarra taldekide duela.

Olatuen iragarpenaren arabera erabakiko dute noiz jokatu txapelketa, beraz, 2022ko martxoaren 31 bitartean, "edozein unetan" iragarri dezakete lehia handiaren data. Baldintza metereologikoak egokiak direnean jokatuko dute atoi surf txapelketa.

Azken uneko ordezkapen bat tarteko, iaz ere txapelketa horretan parte hartzeko aukera eduki zuen surflari zarauztarrak, eta herriko hainbat lagunen babesarekin atera zen uretara. Pozarren itzuli zen bertatik.