Telazko 1.000 erosketa poltsa banatuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak

Nire Aukera Urola Kosta kanpainaren barruko ekintza da, eta poltsa eskuratu nahi duenak argazkia atera beharko du kanpainari babesa erakutsiz. Aurreneko hitzordua Orion izango da ostegun honetan, eta abenduaren 3ra arte egingo dute banaketa herriz herri.  Zarautzen ostiralean egingo dute.

Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian telazko 1.000 poltsa banatuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak ostegunean hasi eta abenduaren 3ra bitartean, Nire Aukera Urola Kosta kanpainari babesa ematen dioten herritarren artean. Urte osoa iraun du kanpainak, eta ekintza horrekin amaituko da. Jasotako argazki guztiekin argazki mosaikoa osatuko du udal elkarteak, eta bideoak ere zabalduko ditu ostalaritzako eta merkataritzako protagonista batzuen iritziak jasoz.

Kanpainaren helburua tokiko kontsumoa bultzatzea izan da, eta horregatik, datozen egunetan banatuko dituzten poltsetan ere tokian tokiko kontsumoak duen garrantziaz ohartarazteko kanpainaren irudia agertuko da, baita bost udalerrietako ostalaritza eta merkataritza elkarteetako irudiak ere.

Telazko poltsak doan banatuko dituzte, baina eskuratzeko baldintza bat dago: Nire Aukera Urola Kosta kanpainari babesa emanez argazkia atera behar da. Argazkiak telazko poltsak banatuko diren gunean bertan aterako dira, eta argazki guztiekin Nire Aukera Urola Kosta argazki-mosaikoa osatuko du udal elkarteak.

Tokikoaren garrantzia

Urola Kostako Udal Elkarteko arduradunek 0 Km kontzeptuaren garrantzia nabarmendu dute: “Eskualde bizi eta lehiakorra nahi badugu, ezinbestekoa da gure merkatarien eta ostalarien aldeko apustua egitea”.

Horregatik, “ahalik eta poltsa kopuru handiena banatzea izango da erronka, edo beste modu batera esanda, kanpainaren alde ahalik atxikimendu gehien lortzea. Eta noski, eskualdeko biztanleei tokian tokiko kontsumoa egiteak duen garrantziaz ohartaraztea”, azpimarratu dute.

Hitzorduak herriz herri

  • Osteguna, azaroak 25. Orio. Herriko plazan, 10:30etik 13:30era.

  • Ostirala, azaroak 26. Zarautz. Foruen plazan, 10:30etik 13:30era.

  • Larunbata, azaroak 27. Getarian Kale Nagusian eta Zumaian Kofradian, 11:00etatik 14:00etara.

  • Abenduak 2, osteguna. Zarautz. Foruen plazan, 17:00etatik 19:00etara.

  • Abenduak 3, ostirala. Aia. Kooperatiba aldamenean, 10:30etik 13:30era.