Euskal Herria K1 jaialdia izango da larunbatean Aritzbatalden kiroldegian

Nora Perez eta Sandra Perez profesionalen arteko borrokaldia izango da ekitaldiko lehia izarra. Bestalde, herriko bi borrokalarik hartuko dute parte egitasmoan.

Euskal Herria K1 Basque Country jaialdia antolatu dute larunbat honetarako, Aritzbatalde kiroldegian. Guztira, hamabost borrokaldi jokatuko dituzte, 18:00etatik aurrera, baina ekitaldiko lehia garrantzitsuena Nora Perez zangotzarraren eta Sandra Perez donostiarraren artekoa izango da. Profesional mailakoa, alegia.

Ekitaldian zehar, K1 Basque Country Torneoa jokatuko dute hainbat borrokalarik kanporaketa sistema bidez. Gainerakoan, buruz buruko hainbat erakustaldiekin osatuko dute jaialdian. Horien artean, Kuraia Orio taldeko Diego Caballero zarauztarrak eta Joseba Cilveti Zarauzko bizilagun donostiarrak hartuko dute parte; lehenak Manex Barralen aurka, eta bigarrenak Markelen aurka.

Sarrerak 15 euro balio du, eta aurrez eros daiteke Kuraia Zarautzen eta Orioko Kabi tabernan.