Bruno Schleinstein izango dute gaur aztergai, Photomuseumen

Gela programaren barruan, Bruno Schleinstein alemaniar aktore eta musikari autodidaktari buruzkoa izango da gaurko Photomuseumeko saioa. Ohi bezala, 18:00etan hasiko da, eta doako sarrera izango du.

Bruno Schleinstein (1932-2010), Bruno S. ezizenez ezaguna, umezurtz-etxe batean bizi izan zen, baita hainbat asilo mentaletan ere. Musikarako trebetasuna zuen eta bere kasa ikasi zituen jotzen musika tresna ezberdinak, hala nola akordeoia, glockenspiela eta pianoa.

Bere ezaugarri psikiatrikoak zirela eta, beti gizartetik at egon zen. Baina bere bizitzak erabateko aldaketa izan zuen Werner Herzog zuzendariak Kaspar Hauserren Enigma (1974) filmerako aukeratu zuenean. Ondoren, hainbat filmetan parte hartu zuen; horien artean, Stroszek (1977) nabarmentzen da.