Murkil eta Zurekin elkarteek piztuko dituzte bihar Gabonetako argiak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 26a, 11:30

Urtarrilaren 6ra arte egongo dira piztuta gauero Gabonetako argiak. Bihar egingo dute pizteko ekitaldia, 18:00etan Musika Plazan.

Bihartik aurrera, piztuta egongo dira gauero Gabonetako argiak herriko kaleetan, urtarrilaren 6ra arte, 18:00etatik 22:30era. Iaz egiterik izan ez bazuten ere, aurten argiak pizteko ekitaldia berreskuratuko du Zarauzko Udalak. Bihar izango da ekitaldia 18:00etan Musika Plazan, eta Murkil Zarauzko Dendarien Elkartea eta Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkartea izango dira argiak pizteko arduradunak. "Pandemiak hain gogor jo dituen merkataritza eta ostalaritza ordezkatzen duten herriko elkarteekin keinu hau izan dugu", adierazi du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak. "Gabonetako argiteriaren bitartez tokiko kontsumoa sustatzen jarraitu nahi dugu", gaineratu du zinegotziak.

Udalak argiteriaren kostu osotik 35.600 euro  (BEZ barne) ordainduko ditu, eta gainontzeko 15.900 euroak, berriz, Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteak.

Argiteria %100ean kontsumo baxuko LED teknologiako bonbilaz osatua dago, eta 27.400 watioko guztizko kontsumoa izango du. Udalak jakitera eman duenez, 2008az geroztik %80 murriztu da Gabonetako argiteriaren kontsumoa, nahiz eta espazio argiztatuen kantitatea %13 igo den.