Urtarrilaren 30era bitartean, asteburuetan ere ikasteko aukera egongo da Sanz Eneako Ikasgelan

Onintza Lete Arrieta 2021ko aza. 27a, 10:00

Gaur eta bihar jada zabalik egongo da sotoko gela, baita jaiegun batzuetan ere: zehazki, abenduaren 6an eta 8an, eta urtarrilaren 6an. Zarauzko Udalak esan du herritarren eskaerei erantzunez hartu duela erabakia.

Sanz Enea kultur etxeko sotoko Ikasgela zabalik egongo da gaur eta bihar, eta baita gainontzeko asteburuetan ere, urtarrilaren 30era arte. Hori erabaki du udalak, herritarren eskaerei erantzuteko asmoz. Ikasleek erabiltzen dute gela hori, ikasteko.

Larunbat eta igandeetan ez ezik, jaiegun batzuetan ere zabalduko ditu ateak: abenduaren 6an eta 8an, eta urtarrilaren 6an, hain zuzen.

Asteburuetako ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara izango dela jakinarazi du udalak.

Kokapen berri bila

Sanz Eneako Ikasgelak 34 pertsonarentzako tokia dauka, eta Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziak esan du udala "Ikasgelarentzat behin betiko kokapen baten bila" dabilela.

"Bitartean, herritarrek egin dizkiguten eskaerei erantzun bat eman nahian, zerbitzua indartu dugu", gaineratu du.