Gaztaina erreak banatzen aritu dira Salbide auzoan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 28a, 09:20
Haur ugari inguratu ziren gaztaina erreen postura. (Amaia Urbieta Arruti)

Atzoko egun grisa alaitu zuten Salbide Auzo Elkarteko boluntarioek gaztaina erreen postuarekin. Ateratako dirua Hotz Zarautz elkartera bideratuko dute. 

Negu giro bete-betea izan zen atzokoan. Egun osoan ia gelditu ere egin gabe euria erruz egin bazuen ere, Salbide auzoan eguraldi makurrari aurre egiteko eta giroa epeltzeko moduko postua ipini zuten parke estaliaren azpian. Bertako auzo elkarteko hainbat boluntario aritu ziren gaztain erreak banatzen inguratzen ziren haur zein helduei. 

Musika ere jarri zuten bozgorailuetatik, eta giro goxoa sortu zen postuaren bueltan. Gaztainen truke borondatea emateko itsulapiko batzuk jarri zituzten postuaren ertzean, eta horietan bildutako dirua Hotz Zarautz elkarteari emango dio auzo elkarteak, pertsona errefuxiatuei laguntzera bideratzeko.