Behin betiko onespena eman dio Udalbatzak Eguzki-Izar eremuan eraikitzeko planari

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 28a, 18:11
Eguzki-Izar eremua. (Dorleta Agiriano Lai)

Eguzki-Izar eremuan 180 etxebizitza egingo dituzte, eta hotel bat eraikitzeko aukera ere izango da. Horrez gain, ikastola handitzeko eta hobetzeko aukera izango dute, eta Iñurritza ibaiaren ertza berreskuratu eta naturalizatuko dute.

Osteguneko ohiko osoko bilkuran behin betiko onartu zuten udal taldeek Iñurritzan dagoen Eguzki-Izar eremuari dagokion plana. Duela bi urte eman zioten behin-behineko onespena, eta urte honen hasieran, Amenabar Etxegintza Berria SL sozietateak aurkeztutako jarduketa planari onespena eman zion udalak. Eguzki Izar eremurako esku hartzeak oinarri du udal administrazioaren, Salbatore Mitxelena Ikastolaren eta Promociones Andutz Mendi SL promotorearen arteko hirigintza hitzarmena. Bete beharreko prozeduren ondoren, ostegunean eman zioten argi berdea EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EEren eta Podemos-Equo Berdeen aurkakoekin.

Honako hauek jasotzen ditu planak: Salbatore Mitxelena ikastola egungo kokalekuan mantentzea, baina handitzeko eta hobetzeko aukerarekin; Eguzki-Izar eremuan 180 etxebizitza eraikitzea (72 babestutakoak eta 108 salmenta librekoak); eremu berean, hotel bat eraiki ahal izatea; Maria Etxetxikiko udal jabetzako eraikina finkatzea eta Eguzki-Izarren udal lokalak eta aparkaleku publikoa lortzea; Iñurritza ibaiaren ertzak berreskuratzea eta naturalizatzea; biribilgune berri bat eraikitzea Gipuzkoa eta Nafarroa kaleen arteko bidegurutzean; eta eremua hegoaldetik mugatzen duen trenbideari dagokionez, trenbidea bikoizteko behar den trenbide plataforma bermatzeko euste horma bat eraikitzea. 

Udal Gobernuan den PSE-EEk planaren aurka bozkatu zuen, eta Gloria Vazquez udal taldeko bozeramaileak jakinarazi zuen ingurumen aldetik eragin ditzakeen kalteak direla horretarako motibo. Bere garaian aurreikusitako etxebizitzen tamaina jaistea eta horien eta errekaren arteko distantzia handiagoa izatea proposatu zuen PSE-EEk, eta egokitzapen batzuk egin badira ere, Vazquezen arabera ez dira nahikoa. Proiektua "astakeria" dela iritzi dio Ingurumen zinegotziak, eta klima aldaketa lehen lerroan den garaiotan, plan honekin egin behar denaren "kontrakoa" egingo dutela uste du.

EH Bilduren bozeramaile Itziar Muruak azaldu zuen zenbait kezka sortu zizkiela proiektu honek, baina alde batekoak eta bestekoak aztertuta, aurrera egin behar dela uste dute. Babestutako etxebizitzak zertara bideratuko diren oraindik zehaztu gabe dagoela eta, alokairurako bideratu beharko liratekeela iritzi dio udal taldeak, eta lanketa hori egiteko eskatu zion Udal Gobernuari. Planak EH Bilduren ustez ekarriko dituen onurak azpimarratu zituen Muruak: "Hainbeste familiari eragiten dion hezkuntza komunitate bat egonkortuko da eta hobekuntzarako aukerak irekiko zaizkio; bestalde, Iñurritzako Jubilatuen Elkartea finkatuko da eta horri ere hobekuntzarako aukerak zabalduko zaizkio".