Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde mobilizazioa egingo dute bihar

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 30a, 12:03
2019ko urrian ere lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko aldarria atera zuten kalera herritarrek.

Datorren asteazkenerako manifestaziora deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan goizez, eta iluntzean herriz herri egingo dituzte mobilizazioak. Zarautzen, 17:30ean jarri dute hitzordua Lege Zaharren enparantzan. Sindikatuek egin dute deialdia, eta tokian tokiko hainbat eragilek bat egin dute. Zarautzen, pentsionisten mugimenduak eta Bilgune Feminista batu dira protestara, besteak beste.

Biharko mobilizatzera deitu dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, eta bat egin dute deialdiarekin tokian tokiko beste hainbat eragilek ere. Zarautzen, besteak beste, Bilgune Feminista eta pentsionisten mugimendua batu dira mobilizaziora. "Lan, pentsio eta bizitza duinak" aldarrikatzeko deitu dute mobilizatzera, eta 11:00etan manifestazioak egingo dituzte Euskal Herriko lau hiriburutan: Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Arratsaldean, berriz, herriz herri finkatu dituzte hitzorduak, eta Zarautzen Lege Zaharren enparantzan egingo dute mobilizazioa, 17:30ean.

Protestaren deitzaileen arabera, pandemiak "azkartu" eta "sakondu" egin ditu aurretik ere bizirik zeuden "krisi anizkoitzak eta sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak". Horren kudeaketa "negargarria" izan dela diote, eta argi geratu dela botere ekonomiko eta politikoa dutenen hautua "kapital metaketari eusteko erabakiak inposatzea" dela.

Aurrerantzeko erabakiek ere "ildo berean" jarraituko dutela aurreikusi dute, eta horregatik, "lan, pentsio eta bizitza duina. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizitza duinerako, burujabetza" aldarriak plazaratuko dituzte datorren asteazkenean. "Prekaritatera kondenatutako langile belaundaldi berrion aldarrikapena da hau, bazterrean eta izkutuko lanetan gauden emakumeona, bizirauteko nahikoak ez diran langabezia prestazioak jasotzen ditugunona", adierazi dute oharrean.

"Norabide aldaketa sakon" baten bila doaz, beraz, mobilizazioen deitzaileak. "Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerakoe skubidea aldarrikatzen dugu", gaineratu dute eragileek.