1.182ra igo da Zarauzko intzidentzia tasa

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 2a, 13:49

Zarautzen 86 positibo atzeman dituzte astelehenaz geroztik, eta ia 1.200eko intzidentzia tasa du herriak. Eskualdeko herri guztietan izan dituzte positiboak, eta intzidentzia tasa oso altuak dituzte denek. Bihar biltzekoa da Labi, berriz osasun larrialdi egoera ezarri eta neurriak zehazteko. COVID ziurtagiria noiz eta nola erabili ere bilera horretan erabakiko dute.

Eusko Jaurlaritzak orain gutxi kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko txostena, aste honetako bigarrena, eta oraingoak ere ez dakar berri onik: astelehenaz geroztik, 297 positibo baieztatu dituzte Urola Kostan. 11 herrietako inor ez da libratu, denetan izan dute kasuren bat, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa baxuena duen herriak ere 770etik gorakoa du.

Zerrenda gorriaren buruan Azpeitia dago, 2.635eko intzidentzia tasarekin. Azken hiru egunotan 116 positibo baieztatu dituzte han; soilik asteartean, 62 kasu berri zenbatu zituzten. Haren atzetik, Zarautz, 1.182ko tasarekin, hiru egunean 86 positibo batuta. Azkoitiko zenbakiak ere, pixkanaka-pixkanaka, okerrerantz doaz. Astelehenaz geroztik 29 positibo baieztatu dituzte han, 935era igo da intzidentzia tasa. Orion eta Zumaian, berriz, 815eko intzidentzia tasa dute. Orion hamar positibo atzeman dituzte azken hiru egunotan, eta Zumaian, 22.

Eskualdeko gainontzeko herrietako intzidentzia tasak ere oso altuak dira, baina kontuan izan behar da zenbat eta biztanle gutxiago, positibo bakoitzak orduan eta eragin handiagoa duela tasan. Hala ere, azken hiru egunotan aipatzeko moduko positibo kopurua pilatu dute batzuek: Getarian hamahiru izan dituzte, Zestoan bederatzi, eta Aian zortzi. Azkenik, Beizaman bi positibo atzeman dituzte, eta Aizarnazabalen eta Errezilen, bana.

Hego Euskal Herrian, ia 2.000 positibo

Hego Euskal Herriko datuak ez dira hobeak: atzo, denera, 1.924 positibo atzeman zituzten. Dena dela, esan beharra dago koronabirusa detektatzeko egiten ari diren proba kopurua ere duela aste batzuetakoa baino askoz handiagoa dela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orotara, 13.425 test egin zituzten atzo, eta horietatik 1.361ek eman zuten positibo. Igandean, aldiz, 6.389 test egin zituzten, eta 663 izan ziren positiboak. 

Erietxeetako egoera ere okertzen doa pixkanaka. Duela hamar egun, Osakidetzaren zentroetan 168 lagun zeuden ospitaleratuta eta 31 zeuden Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Orain, berriz, 207 daude ospitaleratuta, eta 55 daude ZIUetan. 

Labiren bilera

Eusko Jaurlaritzak asteartean jakinarazi zuen berriz osasun larrialdi egoera ezarriko duela, eta hainbat hedabidek aurreratu dutenez, bihar izango da Labiren bilera, nahiz eta Iñigo Urkullu lehendakariak ez duen hori baieztatu. Osasun larrialdia ezartzeko eta COVID ziurtagiria martxan jartzeko izango da bilkura. Bertan zehaztuko dute zer neurri murriztaile sartuko diren indarrean osasun larrialdia ezartzearekin batera. Besteak beste, COVID ziurtagiria nola eta noiz ezarriko duten zehaztuko dute, Espainiako Auzitegi Gorenak erabiltzeko baimena eman baitio Jaurlaritzari.