Berreskuratutako disko eta liburu azoka izango da igandean eta astelehenean

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abe. 3a, 09:00

Merkatu plazako beheko solairuan jarriko du azoka Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkarteak.

Bigarren eskuko disko eta liburuen azoka izango da igandean eta astelehenean, Merkatu plazako beheko solairuan. Liburuak, diskoak eta abarrak saltzeaz gain, etxetik ekarritakoak ere jasoko dituzte, material hori berriro erabiltzaileen esku jartzeko. Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkarteak antolatu ohi du urtero azoka, eta baztertze egoeran dauden pertsonei laguntzeko erabiliko du ateratako dirua.

Zarauzko Udalak jakinarazi du bat egiten duela azokaren helburuekin, eta Ingurumen Departamentuak azpimarratu nahi izan du "berrerabiltzearen garrantzia". "Guztiok animatu nahi zaituztegu erabiltzen ez dituzuen liburu, CD eta DVDak azokara ekartzera eta bertan interesgarriak izango diren beste batzuk eskuratzeko", azaldu du udalak.

Bi egunetan 10:30etik 14:30era eta 16:00etatik 19:30era egongo da zabalik azoka.