Sentimendua duten argazkiak

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 4a, 11:00
Erakusketan ikusgai dagoen Ane Ajuriaren argazkietako bat. (Ane Ajuria)

Zarauzko Argazkizale Elkarteko kide Ane Ajuriak erakusketa zabaldu berri du Torre Luzea aretoan. Guztira, 35 irudi jarri ditu, eta urtarrilaren 16a bitartean ikusteko aukera izango da. 

Zarauzko Argazkizale Elkarteak urtean zehar hiru erakusketa antolatu ohi ditu herrian: lehena, kolektiboa izaten da, elkarteko kideen argazkiekin osatutakoa; bigarrena, Nazioarteko Argazki Mostra –une honetan ikusgai dagoena Sanz Enea kultur etxean–; eta hirugarrena, indibiduala, elkarteko kide batek osatutakoa. Aurten, Ane Ajuriari (Zarautz, 1999) eskaini  diote horretarako aukera, eta atzo zabaldu zuen bere argazkiekin egindako erakusketa Torre Luzea aretoan. 

Aurretik lan batzuk erakutsi izan ditu Gaztelekuan, baina  modu xumeagoan. Honakoa egiten duen bere estreinako «erakusketa handia» du, eta ilusioz dago. Guztira, 35 argazki inguru paratu ditu, eta horietan inguruko natura pasaiak, erretratuak eta azkenaldian sortzaileak eginiko kolaborazio lanak ikus daitezke, dela estilistekin dela makilatzaileekin.

«Jendea sentitzen ari dena islatzen saiatzen naiz. Erakutsi nahi dut ez dela argazki huts bat bakarrik, sentimenduak daudela bere baitan». Hori da Ajuriak lortu nahi izaten duena erretratuak ateratzen dituenean. Paisaien kasuan, berriz, «lasaitasuna» igortzen ahalegintzen da.

Ajuriaren argazkigintzak bi ikuspegi oso ezberdin ditu, «muturrekoak»  direnak nolabait: «Batzuk ilun samarrak dira, eta beste batzuk, aldiz, koloretsuagoak. Egia esan, ez dut tartekorik!». Argazkilariak espero du publikoak ezusteko atsegina jasotzea erakusketa bisitatzerakoan. «Argazkietan kolore ezberdinak ikus daitezke, ez dira ohikoak, eta hori erakargarria egin dakioke ikusleari».

Torre Luzeako erakusketa «erakusleiho» bat izatea espero du zarauztarrak, argazkilaritza esparruan harremanak egiteko eta ateak zabaltzeko; urtarrilaren 16ra arte dago ikusgai. Nolanahi ere, gauzak oso argi ditu: «Niretzako argazkilaritza zaletasun bat da momentuz. Oraindik lan handia dut aurretik, baina oso gustuko dut mundu hau, eta etorkizunean gustatuko litzaidake honetan jardutea». Une honetan, ikasketetan dabil goizetan, eta arratsaldetan argazki saioren bat  suertatzen baldin bazaio, aprobetxatu egiten duela azaldu du Ajuriak.