Asteburuan izandako eraso matxista baten berri eman du mugimendu feministak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abe. 2a, 16:28

Abenduaren 10erako eskualde mailako manifestazioa deitu dute Zarautzen. "Nazkatuta, haserre eta amorratuta" daudela adierazi dute plazaratutako gutunean.

Gutuna plazaratu dute Zarauzko Bilgune Feministak eta Zarauzko Neska Gazteek, asteburuan izandako eraso matxista "oso larri" baten berri emanez.

Azaldu dute gertaeraren berri izan eta berehala "zurrumurru ugari" iritsi zaizkiela, "eta horietako askok gertatutakoa zalantzan jarri eta ukatu egiten dute". Argi esan nahi izan dute: "Guk sinesten dizugu!". Ahizpatasuna, babesa eta elkartasuna adierazi dizkiote erasotuari eta inguruko denei. 

Abenduaren 10ean, mobilizazioa

"Nazkatuta, haserre eta amorratuta" daudela esan dute, eta nabarmendu dute "eskualdean, azkenen hilabeteetan, hainbat salaketa" egin direla "indarkeria matxista dela eta".

Erasoen aurreko erantzuna artikulatzea ez dela erraza izaten azaldu dute. "Beti ez da berdin, (...), eta eragile bakoitzak ditugu gure ardurak eta oinarriak. Zarauzko herriari eta eskualdeko herritarrei adierazi nahi dizuegu erasorik ez dela erantzunik gabe geldituko". Hori dela eta, abenduaren 10erako, datorren ostiralerako, mobilizazioa antolatu du Zarauzko mugimendu feministak eskualdeko mugimendu feministarekin batera. Iluntzean izango da, Zarautzen.

Erlazionatuak

Gutuna: Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte

Zarauzko Bilgune Feminista eta Zarauzko Neska Gazteak. 2021 abe 02 Zarautz